Aramaioarren ikusmina piztu zuen atzo, zapatua, Seikilos laukoteak. XIX. mendearen amaieran elkarrekin bizi izan ziren bi tradizioren arteko lotura izan zen emanaldiaren oinarria. Hau da, jatorri germanikoko erromantizismo europarra eta bere material propioak bilatzen zituen euskal ahots musikalaren sorrera.
Hain zuzen, Jose Maria Usandizagaren (1887-1915), Emilio Serranoren (1850-1939) eta Franz Schuberten (1797-1828) hainbat pieza jo zituen laukoteak, ikus-entzuleen gozamenerako. Honako hauek osatzen dute laukotea: Pablo Suarez, Pablo Quintanilla eta Adrian Vazquez biolinarekin, eta Lorenzo Mesegure biolontxeloarekin.