25 urtetik gorako ibilbidea duen Arabako Musika Klasikoko Zikloa 2011tik antolatzen da Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, eta horren baitan joko du Aramaion Seikilos laukoteak. Aurten, sei kontzertu emango dira Arabako kuadrilletan banatuta, eta lehen mailako interpreteak izango dira protagonista.
Seikilos laukotea
2011n sortu zen Seikilos laukotea , Espainiako Gazte Orkestra Nazionalaren –JONDE-ren– baitan. Ivan Görnemann eta Pablo Quintanilla biolin-jotzaileek, Adrian Vazquezek biola-jotzaileak eta Lorenzo Meseguer biolontxelo-jotzaileak osatzen dute.
Lau musikariak Madrilgo Musika Kontserbatorio Garaian egin zuten bat, eta ondoren Europako hainbat erakunde prestigiotsutan osatu zuten prestakuntza; besteak beste, Düsseldorfeko Musikhochschule-n, Salzburgoko Universität Mozarteum-en, Leipzigeko Hochschule-n eta Reina Sofia Musika Eskola Garaian.
Aramaion, zapatuan emango dute kontzertua kultura etxean, 20:00etan, doan, edukiera bete arte. Tradición europea, voz vasca izenburua izango du emanaldiak eta Usandizagaren, Schuberten eta Serranoren lanak joko dituzte, besteak beste.