Balorazio "oso positiboarekin" agurtuko dituzte gaur udalekuak eta Gazte Uda

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 24a

Azken eguna izango dute gaur udalekuek. Eguraldi onak lagunduta, aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dituzte, eta aurtengo egitaraua film eta telesailen inguruko jaialdiarekin borobilduko dute. Gazte Udakoak, berriz, Albiñara joango dira gaua pasatzera.

Goiuri Heriz udalekuetako koordinatzaileak azaldu duenez, parte-hartzaileek askotariko ekintzez gozatu dute azken asteotan udalekuetan. Gustukoenen artean izan dira igerilekura egindako irteera, kamisetak margotzeko tailerra, San Fermin jaien ospakizuna, uraren eguna eta urtero antolatzen dituzten Aramaioko auzoetarako irteerak.

Amaiera berezia izango dute gaur. Aurtengo jaialdiaren gaia filmak eta telesailak izango dira, eta talde bakoitzak aukeratutako istorioaren inguruko mozorroa jantziko du. Horrez gain, dantza edo antzerki emanaldi bana eskainiko dute. Jaialdia herritar guztientzat irekia izango da, gainera.

Jaialdia amaitzean, udalekuetako partaide guztiek elkarrekin hamaiketakoa egingo dute eskola azpian, eta horrekin emango diote amaiera aurtengo udalekuetako egitarauari. Aurtengoaren balorazio "oso positiboa" egin du Herizek.

Gazte Uda ere, giro onean

Gazte Udako ekintzak ere, martxa onean doaz, eta hezitzaileek egindako balorazioa ere positiboa da. Orain arte antolatutako jardueretan parte-hartzaileek giro ederra izan dute, eta bataz beste 14 eta 15 gazte artean izan dira ekintza bakoitzean.

Lehen txangoa Zarautzera egin zuten, eta eguraldi bikainarekin egun atsegina igaro zuten. Astelehenean, berriz, Ganborraldera igo ziren ilunabarraz gozatzera; oinez egin zuten joan-etorria, eta tontorrean zerbait janda amaitu zuten arratsaldea.

Aste honetako beste hitzorduetako bat patata tortilla lehiaketa izan da. Hezitzaileen esanetan, parte-hartzaileen mailak "gora" egin du aurreko urteekin alderatuta, eta oso gustura agertu dira emaitzarekin.

Egitarauak aurrera jarraituko du gaur, egubakoitza, Albiñan egingo duten gaupasarekin. Arratsaldean igoko dira bertara, bainua hartu eta gaubela egingo dute, eta hurrengo egunean itzuliko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak