"Herri seguru eta askea" eraikitzen laguntzera deitu dituzte herritarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko uztailaren 23a

Agerraldi amaieran ateratako argazkiak.

Ehun bat aramaioar elkartu dira Erasoen aurrean, herri erantzuna lelopean gaur arratsalderako herriko 24 eragilek deitutako agerraldian. Tartean ziren herriko alkate Asier Agirre, Udal Gobernuko hainbat zinegotzi eta herriko askotariko eragileak zein norbanakoak. 

Azken asteetan Aramaion izandako "eraso fisiko, matxista eta materialak" salatu dituzte Goiko parean egindako elkarretaratzean eta egoeraren aurrean "erantzutera" eta "herri seguru eta askea" eraikitzen laguntzera deitu dituzte herritarrak.

Agerraldia 19:00ak pasatxo zirela hasi da, bertaratutakoek Erasoen aurrean, herri erantzuna zioen pankarta zabaldu dutenean. Elkarretaratze isila egin dute hasieran eta ondoren hitza hartu dute Peru Abarrategik, Larraitz Arriolabengoak eta Saioa Uriartek. Adostutako idatzia irakurri dute.

"Gure herrian antolatu, pentsatu, parte hartu, lan egin, aisialdiaz gozatu, lagunekin egon eta gainerakoekin harremanak izan nahi ditugu. Gure herrian ondo bizi nahi dugu, gure herria bizirik nahi dugu. Eta azkenaldian, tamalez, batzuentzat ez da batere erraza", hasi du irakurketa Abarrategik. "Amorru eta pena handiz bizi ditugu azken aldian indarra hartu duten apurketak –parkean, kultur etxean, ludotekan, Santanan...–, herritarrenganako jazarpen sistematikoak, eraso fisikoak eta eraso matxistak. Aurrez ezinegona sumatzen bazen, haserrea, amorrua eta beldurra dira azken asteetan gailentzen ari direnak".

"Dena ezin da etengabean justifikatu"

Larraitz Arriolabengoak eman dio jarraipena Abarrategiri: "Eraso horien lehenengo erantzuleak, noski, erasotzaileak dira, baina arduradun dira erasotzaileei babesa ematen dieten pertsonak ere. Egindakoari garrantzia kentzea, erasotzaileari konplizitatea eskaintzea edo ez ikusiarena egitea ere erasoaren parte dira. Ekosistema horrek indartzen ditu erasotzaileak; inpunitateak eta babes sozialak hain zuzen. Esan bezala, horrek guztiak, erasoak errepikatu, ugaritu eta larriagotzeko testuinguru egokia sortzen du. Eta, azken asteetan, Aramaixon, giro hori oso presente dago. Dena ezin da etengabean justifikatu gertuko jendea dela argudiatuta. Herri bizigarri bat nahi badugu, ezin dugu beste aldera begiratu. Herri seguru eta aske bat nahi badugu, erantzun beharra dugu".

"Interpelatu ditzagun erantzuleak"

Saioa Uriartek eman dio amaiera komunikatuaren irakurketari: "Sinetsita gaude herritarrok badugula aukera egoera honi buelta emateko. Badugula nahikoa ahalmen eta indar gertatzen ari dena gure kabuz bideratzeko. Hitz egin dezagun, izan gaitezen kontziente eta interpelatu ditzagun erantzuleak. Geldirik geratzeak ondorio larriagoak besterik ez  dakartza eta. Herritarrona bada herria, hala dira herria egiteko eskubidea eta ardura ere. Aramaioxok elkar saretzeko indarra duela sinetsita, mugi gaitezen herritarrok".

Erasoen aurrean herri erantzuna! aldarrikatuz eta txalo artean eman diote amaiera agerraldiari. Azkenik, herri argazkia atera dute.

Agerraldiarekin bat egin duten eragileak hauek dira: Eki taberna, Bixente Goikoetxea abesbatza, Trikikalejira, Txirritola euskara elkartea, Iturzuri emakume elkartea, Aramaixoko talde feminista, Lagunkoia, Anbotoko Doinuak musika elkartea, Aramaioko pilota elkartea, Ikusiz gozatu, Arbel kooperatiba, bertso eskola, Papargorri abesbatza, Aramaixo Bizirik, Alaiak kantu tailerra, Anboto taberna, guraso elkartea, Aramailur, Lagun Artean dantza taldea, Kurtzetagain gazte asanblada, Aramaio herri eskola eta Alaiak jubilatu elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak