Debagoieneko Antzerki Plataformak kudeatuta, Aramaioko Antzerki Taldeak 2024ko irailean hasi zuen bere ibilbidea, eta aurten bigarren ikasturtea osatu du. Azken hilabeteetan bost kidek parte hartu dute modu jarraituan, Eider Sanz zuzendariaren gidaritzapean.
Astean behin elkartzen dira, eguenetan, 18:00etatik 19:30era, kultura etxeko zinema-aretoan, eta datorren ikasturtean ere horrela izango da. Taldeko kide Elena Zubizarretaren esanetan, antzerkia ez da interpretazioa lantzeko espazioa soilik: "Zuretzako momentua da. Gorputzarekin eta sormenarekin konektatzen duzu, eta egunerokoan ateratzen ez duzun sormena azaleratzen da".
Horrez gain, antzerkiak nork bere buruarekin topo egiteko aukera ere ematen duela azpimarratu du Zubizarretak. "Lotsa, erridikuluaren sentsazioa eta gorputzak dituen gaitasunak lantzen dira. Barre asko egiten dugu, sorpresa asko hartzen ditugu, eta taldean kohesionatu egiten gara. Niretzat oso aberasgarria da", dio.
Hainbat genero landu dituzte
Ikasturte honetan hainbat antzerki-genero landu dituzte; komedia, drama eta melodrama, besteak beste. Urtea amaitzeko emanaldi bat prestatzea aztertu bazuten ere, azkenean, herritarrak parte hartzera animatzeko bideo bat egitea erabaki zuten. Aurretik, Aramaixo Bizik antolatutako ekitaldi batean kale-antzerkia ere egin zuten, eta kontsumismoa, abiadura, lan-munduko deshumanizazioa eta halako gaiak jorratu zituzten. Kasu hartan, gidoia ere taldeko kideek sortu zuten.
Bideoa, herritarrak animatzeko
Azken bideoa ere elkarlanean sortu dute. Ideia-zaparrada baten ondoren grabatu zuten, eta muntaia Eider Sanzek egin du. Gainera, bideoan agertzen diren pertsona guztiak ez dira taldeko kideak; herritarren laguntza eskatu zuten, eta erantzuna oso ona izan dela azaldu du Zubizarretak. "Jaso dugun feedbacka ere oso polita izan da. Orain falta dena da jendea parte hartzera animatzea".
Zubizarretak uste du askotan nork bere buruari jartzen dizkiola oztopoak. "Jende askok esaten du lotsatia dela edo, esaterako, adinez helduegia dela antzerkirako. Baina horiek geuk jartzen ditugun trabak dira. Lotsa denok daukagu; garrantzitsuena da parte hartzeko gogoa izatea eta zer gertatzen den ikusteko prest egotea".
Datorren ikasturteari begira, taldearen asmoa da beste urrats bat egitea. Orain arte, antzerki-teknikak landu dituzte, eta hasieratik obra bat aukeratu eta ikasturte amaieran taularatzeko aukera aztertuko dute. Izen-ematea zabalik egongo da urrira bitartean hemen, eta haurrentzako taldea osatzeko aukera ere badago.