Santa Marina jaiak ospatuko dituzte asteburuan Arriolan eta Arexolan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 15a

Egubakoitzetik domekara bitartean, mezak, bertso-afaria, kirol eta herri txapelketak, jolasak eta erromeria izango dira.

Arriolak eta Arexolak Santa Marina jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan, adin guztietarako egitarauarekin. Jaiak egubakoitz arratsaldean hasiko dira, 20:00etan, etxaflero eta kanpai-errepikekin. Ondoren, 21:00etan, auzo bertso-afaria egingo dute Iker Zubeldia eta Unai Iturriaga bertsolariekin; Danel Herrarte izango da gai-jartzailea.

Zapatuan 12:00etako meza santuarekin hasiko da eguna, eta ordubete geroago Ibarratik Arexolarako bizikleta lasterketa egingo dute. Arratsaldean, 17:00etan, kanpai-jotze erakustaldia izango da, eta jarraian mus eta briska txapelketa jokatuko dute plazan. 18:00etan, Arexolatik Arriolara kalejira egingo dute, eta bertan umeendako jolasak izango dira. Gauean, 21:00etan, parrillada egingo dute plazan, eta ostean erromeria izango da Laja II eta Narbaiza trikitilariekin.

Jaiak domekan amaituko dira. 12:00etan meza nagusia egingo dute Aramaioko Abesbatzaren parte-hartzearekin, eta ondoren euskal dantzak izango dira. Arratsaldean, 17:30ean, umeendako jolasak egongo dira, Santa Marina jaiei amaiera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak