Haurrentzako eta helduentzako film laburrak, elizako eskaileretan ikusgai

Koldo Zubia Salas 2026ko uztailaren 10a

2023an egin ahal izan zuten Korterraza kalean azkenekoz. (Irudia: Korterraza).

Korterraza 'mix' sekzioko bederatzi proiekzio eskainiko dituzte gaur, 22:00etan elizako eskaileretan. Duela hamahiru urte abiatu zen Korterraza Araba egitasmoa eta urtero hutsik egin gabe izan dira Aramaion.

Korterraza Gasteiz film laburren jaialdia egonkortu ostean, urtero jasotako film onenak Araban zehar herriz herri eramateko ideiarekin sortu zen Korterraza Araba. Duela hamahiru urte izan zen hori, eta, ordutik, urtero hutsik egin gabe egitasmoarekin bat egin du Aramaiok. "Hasieran, bi eguneko jaialdia antolatu genuen; parte hartu zuten hamabi herrietako bat izan zen Aramaio. Gero, egun bateko jaialdia izatera pasa zen, eta herri bakoitza zer-nolako filmak nahi zituen erabakitzen hasi zen: haurrei zuzendutakoak, komediazkoak, urteko onenen aukeraketa bat edota euskarazkoak", azaldu du Korterrazako zuzendari Xabi Vitoriak.

'Mix' aukeraketa Aramaiora

Gaur gauean, Korterraza mix aukeraketa proiektatuko dute bertan. Hain zuzen ere, bederatzi film labur dira, bai haurrendako, bai eta nagusiendako ere; guztiendako. "Lehenengo zatia haurrei zuzenduta dago. Kanpotik ekarritako film laburrak izan ohi dira horiek, elkarrizketarik gabekoak. Saioak aurrera egin ahala, genero bakoitzetik laburrik onenak ekartzen saiatzen gara, baita euskarazko film labur bat edo beste", dio Vitoriak. Hala, honako hauek dira 22:00etan hasita elizako eskaileretan ikusi ahalko diren filmak: Mix Up Mail, Snorri 4D, Gran Tumaco Cafe, Desagradecido, Ya nos tocaba, Una vocal, ¡Hasta enterrarlos!, Inquilinos eta Azpian. Proiekzio osoak ordu eta erdi iraungo du.

"Urtero izan gara Aramaion, beti izan dugu Udalaren konfiantza. Egia da hasierako urteetan jende gehiago etortzen zela film laburrak ikustera, eta nire sentsazioa da azkenengoetan pixka bat moteldu egin dela. Horregatik, Aramaioko jendea bertaratzera animatu gurako nuke, oso ondo pasatzen delako", nabarmendu du Vitoriak. Azkenengo bi edizioetan, gainera, ezin izan dute saioa kalean egin. Aurten, baina, ekaitz arrisku txikia dago iragarrita, eta, ondo bidean, elizako eskaileretara bueltatuko dira –euria egiten badu, pilotalekuan egingo da–.

Kultura, kalean

Kultura kalera eramatea da, hain zuzen, egitasmo horren beste helburuetako bat. "Kalea guztiena dela uste dugu, eta jendearen arteko sozializazioan eragiten dugula pentsatzea gustatzen zait", dio Vitoriak. Euria badan proiekzioekin aurrera egiteko bigarren aukera prest izaten badute ere, ez dela gauza bera aitortu du Korterrazako zuzendariak: "Filmen aukeraketa kalean proiektatzeko pentsatuta dago".

Hasieran, hamabi udalerri ziren, eta, gaur-gaurkoz, 38 dira. Udaren hasierarekin batera, ekainean hasi ziren Arabako herriz herriko bidaiarekin, eta abuztuaren amaierara arteko egutegi luzea dute Korterrazakoek aurretik.

Film labur "onenak"

Goya sarietarako kalifikagarria den zinema jaialdia da Korterraza, eta jasotzen dituzten film laburren "onenen" aukeraketa egiten dute urtez urte. Film gehienak, horrenbestez, "Estatuko sortzaileek" ekoitziak dira, gaztelerazkoak. Hala ere, nazioarteko filmak eta euskarazko gutxi batzuk iristen zaizkie, eta horiei ere lekutxo bat egiten saiatzen dira Korterraza Araban. "Aurten, ia 1.400 film labur iritsi zaizkigu, eta horietatik 28 izan dira euskarazkoak. Horietatik, bost aukeratu genituen euskarazko sekziorako; horietako bat sail ofizialean eta beste bat mix sailean sartu dugu", esan du Vitoriak.

Testuinguru horretan, jasotako film labur guztien artean aukeraketa "justua" egiten saiatzen direla dio Vitoriak. Horrela, askotariko film labur eta sekzioez osatuta, publiko guztientzako erakargarria den eskaintza berezia mimoz prestatzen dihardute urtero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak