Gazteek egin dute lehen irteera Zarautzera, Gazte Uda ekimenetik

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko uztailaren 2a

Martitzenean, Gazte Udatik egin zuten irteeran, gazteak Zarautzen. (Argazkia: Danel Herrarte).

Hilabete bukaerara bitartean, beste hiru irteera izango dituzte Gazte Udatik. Txikiagoendako udalekuak, berriz, uztailaren 8an hasiko dira, 80 neska-mutikorekin.

Udako aisialdi eskaintza martxan da dagoeneko. Hirugarren urtez antolatu dute Gazte Uda programa, eta asteko lehen jarduera egin dute: Zarautzera egun-pasa joan dira DBH1 eta DBH4 arteko gazteak. Bien bitartean, uztailaren 8an hasiko dira 2 eta 12 urte arteko umeentzako udalekuak; aurten, 80 umerekin.

Gazte Udan, irteerak

Uztailean zehar egingo diren ekintza solteek osatzen dute Gazte Uda ekimena. Lehenengo irteeran, martitzenean, Zarautzera joan ziren, autobusez, Arrasatetik. Hondartzan egon, bazkaldu, jolastu eta, etxera itzuli aurretik, urtero bezala, izozkia jan zuten. Datorren hitzordua uztailaren 20an izango da, Ganborralde mendi-tontorrera; ilunabarra ikusi, eta merendola egingo dute. Uztailaren 22an, berriz, patata-tortilla lehiaketa eta merendola egingo dituzte; bi jarduera horietan hamalau gaztek eman dute izena.

Programa uztailaren 24tik 25era Albinan pasako duten gauarekin osatuko dute. Guztira, hamazortzi gaztek parte hartuko dute kanpin-dendekin eta lo-zakuekin egingo duten egonaldian. "Gazteei asko gustatzen zaie Albinako irteera. Kinta askotarikoak eta gertuko lagunak, denak batera egoten dira; gaubeila egiten dute eta oso ondo pasatzen dute", azaldu du Danel Herrarte hezitzaileak.

Udalekuak, txikiagoendako

Uztailaren 8tik 24ra egingo dira, bestetik, udalekuak. Aurten, 80 umek eman dute izena, eta koordinatzaile batek eta zortzi begiralek gidatuko dituzte jarduerak.

Goiuri Heriz koordinatzaileak azaldu du programazioa prestatzerakoan haurren eta gurasoen iradokizunak kontuan hartu dituztela. Horren ondorioz, ohiko jarduerei eutsiko diete –talde bakoitzaren pankarta egitea, sanferminak ospatzea, kamisetak apaintzea, Otxandioko igerilekura irteera eta azken jaia–, baina berrikuntza batzuk ere izango dira.

Horietako bat orientazio proba izango da. Talde batek herrian zehar egingo du lehen aldiz, etorkizunean mantentzea komeni ote den baloratzeko. Aldiz, aurreko urteetan egiten zen erreka garbiketa ez dute antolatuko aurten, haurren eta gurasoen iritzia errespetatuz.

Antolaketan ere aldaketa izango da: Haur Hezkuntzako ume guztiak talde berean egongo dira aurten, kopurua txikiagoa delako; Lehen Hezkuntzan, berriz, zikloka banatuta egongo dira, aurreko urtetan moduan.

Euskara, oinarrian

Herrartek eta Herizek azpimarratu dute euskara izango dutela ardatz. "Gure helburuetako bat da euskara modu naturalean bizitzea", dio Herizek. Eta gaineratu du autonomia, parte-hartzea, elkarbizitza, naturarekiko errespetua, aniztasunaren balioa eta herriari bizitasuna ematea ere landuko dituztela: "Haurrak ondo pasatzea nahi dugu, baina, aldi berean, udaleku hezigarriak izatea ere bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak