Mikel Goñik eta Titin III.ak Aramaioko frontoia bete dute

Xabier Urtzelai 2026ko ekainaren 27a

Mikel Goñi, bizkarrez, Aramaioko pilotalekuko kantxara sartu den unean.

Bitxia da nostalgiak –eta morboak– duten indarra. Azken urteotan zenbait rock talderen itzulerak harmailak bete dituen moduan, gaur beste horrenbeste gertatu da Aramaion. Titin III.ak eta Mikel Goñik zale mordoa erakarri dituzte frontoira –bete egin da–, jakinda, pilotari horiek duela bi hamarda pasa eman zutela euren onena. Eta kantxan igarri egin da hori, noski. 

Erritmo biziz jokatu duten pilota partidua arratsaldeko bigarrena izan bada ere –Egiten dabilen lan onarekin Asier Del Campo aramaioarrak geroago eta ikusmin handiagoa pizten du herritarren artean–, Azpikoracing-ekoek antolatutako pilota jaialdiak izan duen arrakastaren gakoa egon da aurreko koadroetan Mikel Goñi eta Titin III.a batu dituztelako. Harmailetan bizitako arratsalde batzuk ez direlako inoiz amaitzen, edo Mikel Goñik oraindik ikusmina –eta morboa– pizten dituelako, kontua da garai batean izar izan ziren horiek oraindik zaleak erakartzen dituztela. "Hauek oraindik elkarrekin ibiltzen dira halako partidak jokatzen. Nire partetik, ederra izan da ostera ere halako jaialdi batean jokatzea. 20 urte pasa dira Mikel Goñirekin batera –Ordago enpresan– jokatzen nuenetik, eta polita izan da. Ikusten da zaleak oraindik bi hauek ikusteko gogoz daudela, eta tira, egindako partiduaz oso gustora geratu ez banaiz ere, ondo egon da", adierazi dio GOIENAri Goñiren atzelari Aitzol Lazkano arrasatearrak.  

Mikel Goñi eta Titin III.a, bero itogarriari aurre egiteko ura edaten.

Aramaioko frontoiko harmailak, jendez beteta, gaur.

Lazkano eta Mikel Goñi –urdinez– eta Apaolaza eta Titin III.a, gorriz.

Zaleak Goñiren show-aren zain

Pilota partiduari dagokionez, Lazkanoren herriko frontoia –Uarkape– inauguratu zuten egunean gertatu moduan (1999), orain ere Titinek Goñi hartu du mendean (22-13). Eta partidari dagokionez, jakinekoa zena gertatu da. Bero itogarriak ez du lagundu, eta kantxan egon diren bi aurrelariei ezin zaie gehiago eskatu. Beste gauza bat dira espektatibak, eta hor, asko Goñiren show gosez geratu dira, baina Oronozkoa ez da garai batekoa izan, jenio txarrari dagokionean ez, behintzat. Lasaiago ibili da, eta gainera, errenka amaitu du partidua. Bi atzelariak, berriz, txukun ibili dira, eta hasieratik zekiten, gainera, partidu horretan zaleek aurrekoen saltsa nahi zutela. Bada, ez, ez da partidu ona izan (22-13), baina akaso espektatibak ziren gehiegizkoak.

Arbizu eta Del Campo Uribe eta Bergeraren kontra lehiatu dira bigarren partiduan.

Asier Del Campo, Euskadiko azpitxapeldun

Jaialdiak pilotari aramaioar bat izan du kantxan, Asier Del Campo. Arabako Herriartekoa irabazi berritan, Del Campo oso maila polita erakusten dabil amateur mailan, eta goizean Euskal Herriko Buruz Burukoan azpitxapeldun geratuta aurkeztu da arratsaldeko zitara. "Ilusio handiaz joan naiz eta partidua ondo hasi badut ere sakea hartu didanean min egin dit. Partidu gogorra izan da eta pena, baina ezin izan dut finala irabazi. Dena dela, egiten ari naizen bideaz geratzen naiz, eta zentzu horretan pozik nago". 

Goizeko ahaleginetik errekuperatuta, arratsaldean dobletea egin du aramaioarrak. "Etxeko zaleen aurrean jokatzea beti da polita eta jaialdi berezia da hau, gogoz nago. Ea partidu polita egiten dugun eta goizeko arantza ateratzen dudan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak