Oinezkoentzako eta txirrindularientzako desbideratzea Untzillan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 26a

A-2620 errepidea azpitik pasa ostean dagoen desbideratzea seinalatzen. A.T.

Obrengatik itxita dago, maiatzetik, Kataiatik Suñarako A-3930 errepidea, eta, tarte haren ingurutik oinezkoak eta bizikletak pasa daitezen, desbideratzea egokitu du Udalak. Lanek iraun bitartean egongo da erabilgarri bidea.

Arabako Foru Aldundia Kataiako zubian egiten ari den lanen ondorioz, A-3920 errepidea –Kataiatik Suñara– ibilgailuendako guztiz itxita dago maiatzetik, irailera arte.

Obra horiek direla eta, oinezkoentzako eta bizikletentzako behin-behineko desbideratze bat jarri dute martxan orain. Obra horiek irauten duten bitartean, txirrindulariek, mendizaleek eta oinezkoek ezin izango dute itxita dagoen errepidetik igaro, eta, ondorioz, bide alternatibo bat prestatu behar izan du Aramaioko Udalak.

Desbideratzearen xehetasunak

Desbideratzea Arrasatetik Aramaiora bidean kokatzen da. Ezkerretara dagoen Untzillara joateko bidegurutzea igaro eta berehala, eskuinetara sartuta, bidetxo bat prestatu dute. Bide berri hori zubi azpitik pasatzen da eta erreka zeharkatzen du. Asier Agirre Aramaioko alkateak azaldu duenez, lehengo bide zahar bat eta antzinako kanal bat aprobetxatu dituzte pasoa egokitzeko: "Lehengo bide zahar bat dago han, errota batera zihoana, eta kanala, eta hori baliatuz lortu dugu pasabide hori egitea".

Alkatearen esanetan, eremu hura "leku polita da, eta udararako freskoa, gainera". Obrak bukatu arte, Suña, Barajuen, Zabola edo Untzillatik oinez edo bizikletaz datozen herritarrendako bide bakarra izango da.

Zubihandin bota behar dituzten zubiak

 

Zubihandin bota behar dituzten zubiak.

Untzillara bidean dagoen irudiko ezkerreko zubia bota eta gaur egun bost metroko zabalera duen zubia 12 metroko zabalera izatera pasako da lanen ostean. Eskuinetara gelditzen diren zubitxoak ere bota egingo dituzte, Ur Agentziak hala aginduta.

Agirre alkateak "pena" du, bestetik, Zubihandiko zubiak botako dituztelako; izan ere, "leku oso polita" dela dio, baina etorkizunari begira lanean ari direla azpimarratu du: "Udala negoziatzen ibili da beste zubi berri batzuk eskatzeko. Berbaz lortu dugu, eta uste dugu laster oinezkoentzako bi zubi berri egingo direla han". Zubi berri horiek kokapen berria izango lukete obra behin betiko amaitutakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak