Kepa Etxebarria (Aramaio, 1979) da Azpiko Racing taldean antolakuntza taldean hasieratik dabilen bakarra, eta horrelako egun bat egingo duten lehen aldia izanda, horren nondik norakoak kontatu ditu.
Nolatan antolatu duzue Pilota Eguna lehen aldiz?
Alde batetik, aurten 25. rallysprinta antolatuko dugulako Aramaion [irailaren 12an izango da], eta zerbait berezia egin nahi genuen. Bestetik, diru apur bat atera ere nahi dugu; izan ere, geroz eta zailagoa da. Gainera, azkenengo urteetan, orokorrean, rallysprintetako publiko kopurua jaitsi egin da.
Pilota partiduak antolatu dituzue. Zergatik pilota?
Pilotari buruz hizketan egon ginen taldean, eta horrelakoren bat Aramaion antolatzea erabaki genuen. Baina ezin genuen edozein pilota partidu antolatu; profesionalak ekartzea oso garestia da. Dena den, gogoratu ginen jokatzen ibiltzen direla dagoeneko maila profesionala utzita duten hainbat pilotari, eta modu horretara sortu zen ideia.
Nolako harrera izan du ekimenak?
Partiduetarako sarrera batzuk saldu ditugu, eta herrian entzuten da pilota partidu horiek egongo direla. Beraz, ea nola joaten den.
Egun osoko egitaraua duzue.
Bai. Alde batetik, partidurako sarrerak jarri genituen salgai, eta 230 saldu ditugu, eta, bestetik, bazkarirako eta partidurako txartelak ere jarri genituen salgai, eta 26 saldu ditugu. Egun osoko egitaraua antolatu nahi izan dugu. 12:30ean, trikipoteoa egingo dugu; gero, Izarra elkarte gastronomikoan bazkalduko dugu; eta, trikitiaz lagunduta, frontoira joango gara guztiok batera.
18:30ean hasiko da pilotako lehenengo partidua.
Bai. Asier Del Campo aramaioarra egongo da, esaterako, lehen partidu horretan. Oso ondo dabil denboraldi honetan, hainbat txapel irabazi ditu, eta haren bikotekide Arbizu izango da. Uriberen eta Bergeraren kontra jokatuko dute partidu horretan.
Ostean, Mikel Goñi Aitzol Lazkano arrasatearrarekin eta Titin III.a Xabi Apaolazarekin izango dira protagonista.
Ezagun batzuen bitartez iritsi ginen haiengana. Goñik 49 urte ditu eta Titin III.ak, 57; beraz, beteranoak dira. 1999ko abenduaren 21ean inauguratu zuten Arrasateko Uarkape pilotalekua, eta inaugurazio partidu hartan aurreko koadroetan zein baino zein gehiago ibili ziren Titin III.a eta Mikel Goñi aurrez aurre izango dira ostera, 27 urte geroago, Aramaion.
Lan handia eskatzen du rallysprinta antolatzeak?
Bai, gauza asko egin behar dira, lan asko egoten da, eta azken urteetan jende gutxitxoago egon da eta galeratxoren bat ere izan dugu. Dagoeneko hasi gara aurtengoaren prestaketa lanekin. Jaialdi honekin, dirua ateratzeko beste modu bat probatu nahi izan dugu.
Zein mezu duzu jendearendako?
Animatu daitezela. Lehen partidua pentsatzen dut polita izango dela, eta bigarrena modukorik ez dut aspaldian ikusi; Titin III.ak eta Goñik show apur bat emango dute, seguru.