Hiru set jokatu zituzten zapatuko Euskal Ligako buruz buruko finalerdian Asier Del Campo pilotari aramaioarrak eta Xabat Sasianek. Lehenengoa 10-2 irabazi zuen aramaioarrak; bigarren set-ean izugarrizko beroa pasa zuten eta 3-10 irabazi zion Sasiainek; eta Del Campok berdinketa hausteko indarrak gordetzea erabaki zuen. Hala, azken set-ean guztia eman eta 5-1 irabazi zion Del Campok.
Oso pozik dago aramaioarra, harentzako urteko final garrantzitsuena izango dena jokatuko duelako zapatuan: "Nahiko argi jokatu nuen eta oso pozik nago. Urteko final garrantzitsuena izango da zapatukoa, gainera, buruz buru. Horrek beti dauka gogortasun edo zailtasun hori".
Finala, Sopelako Kurene taldeko Unax Ramirezen kontra jokatuko du zapatuan, hilaren 27an, Zestoan, 11:00etan.