Maialen Ballina: "Beti daukat zerbait josteko, lanen bat edo planen bat; ez naiz sofan etzanda geratuko"

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 19a

Maialen Ballina, josten. Argazkia: Maialen ballina

Maialen Ballina Mondragonek (Aramaio, 1999) jostun lanetan dihardu eta rallyetan kopilotu ibiltzen da. Motorren zarata eta jostorratzaren isiltasuna uztartzen ditu egunerokoan, baina badu horretaz harago ere zer kontatua.

Gaur egun ez da ohikoena gazte batek jostun bidea aukeratzea. Nondik datorkizu zaletasuna?

Aramaion joskintzaren inguruko ikastaro bat ematen zutela ikusi nuen, hor hasi nintzen, eta ordutik ez naiz gelditu. Egia da aitaren familian beti egon dela jostunen bat: aitaren arreba eta haren izeba, adibidez. Nire txikitako arropa eta baserritar jantzi asko nire izebak egindakoak dira, eta beti interesatu izan zait gaia.

Joskintzan eta rally batean oso giro desberdinak aurkituko dituzu. Zer dute komunean?

Bai, oso giro desberdinak dira; batez ere, rallyetan gehienak gizonezkoak direlako eta joskintzan emakumeak. Hala ere, nik uste dut biek komunitate kutsu handia dutela. Rallyetan, adibidez, beti dago norbait laguntzeko prest, elkar laguntzen dugu. Joskintzan ere antzera gertatzen da; talde txikietan elkartzen gara, eta, nork bere proiektua izan arren, elkar zaindu eta babesten dugu.

Rallyetan gidariak protagonista dirudi. Zenbat du itzaletik kopilotuaren lanak?

Egia esan, pilotuak hartzen du protagonismo handiena, azken finean dena haren esku dagoelako. Ondoan goazenok, berriz, haren laguntzaileak gara: behar duenean lagundu, babesa eman, une txarretan lasaitu edo gauza onak ikusarazi. Kopilotuok ere badugu presioa, ezin garelako nahastu, batez ere bide ezezagunetan. Presioa hor dago, baina konfiantza da gakoa.

Nola definituko zenuke zeure burua ezagutzen ez zaituen pertsona baten aurrean?

Pertsona lasaia naizela esango nuke, gatazketatik ihes egiten duena. Ez zait gustatzen eztabaidetan edo istiluetan sartzea; askotan, zerbaitekin ados ez banago, paso egiten dut. Bestalde, nahiko todoterrenoa naiz: josteko makina eman eta josi egiten dut; traktorea gidatu behar bada, prest; belarra moztu edo behorrak lekuz aldatu behar badira, ere bai. Herrikoia naiz, herrian egotea gustatzen zait, eta ez dut arazorik edozeinekin harremanak egiteko. Eta oso jaizalea ere banaiz; kar-kar.

Lanbideak, rallyak eta bestelako kontuak... Aspertzen badakizu?

Nik uste dut ezetz. Ez naiz geldirik egoten den pertsona bat, eta ez naiz etxean egon zalea. Beti ari naiz planak egiten edo zerbaiten bueltan. Gainera, aspertzen banaiz, berehala konturatzen naiz ez nagoela gustura egoera horretan, eta zerbait bilatzen dut egiteko. Beti daukat zerbait josteko, etxean egiteko lanen bat edo sortzen den planen bat. Etxean etzanda aspertuta geratzea ez dator nirekin bat.

Eta hemendik hamar urtera begira jarrita, zer gustatuko litzaizuke berdin mantentzea zure bizitzan?

Ni oso pozik bizi naiz Aramaion, eta gustatuko litzaidake hemendik hamar urtera ere hemen bizitzen jarraitzea. Nire ingurua mantentzea nahiko nuke: familia, lagunak eta gaur egun dudan bizimodua. Oso pozik bizi naiz, eta poztasun horrekin jarraitu nahiko nuke

Nori emango zenioke, begiak itxita, autoko bolantea? Eta nori ez?

Begiak itxita bolantea norbaiti utzi beharko banio, nire aitari. Azkenean, hark sartu ninduen motor-munduan; harekin ikasi nuen gidatzen. Eta nori ez niokeen utziko… Agian, herriko pertsona zaharren bat etorri zait burura; kar-kar. Batzuetan, arrisku handia dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak