Gizartean eta filosofian pisu handia duen gai bati helduko diote Pote Filosofikoan: zoriontasunari. Oihan Azkarate antolatzaileak azaldu duenez, zoriontasuna gai unibertsala eta oso eztabaidatua izan da filosofiaren historian zehar. Azkarateren esanetan, "batzuek plazera sentitzearekin lotu izan dute, beste batzuek, bizitzaren azken helburuarekin". Edonola ere, egungo egoerak hausnarketa sakonagoa eskatzen duela uste dute, gaur egun "zoriontasunaren bueltan industria oso bat" antolatuta dagoelako.
Saio horren helburu nagusia ez da adituen hitzaldi bat entzutea, hausnarketa kolektiborako espazio bat sortzea baizik. Lehenengo saioaren ildoari jarraituz, ez da hizlari gonbidaturik egongo; asanbladako kide batek dinamizatuko du saioa, guztien artean ideiak eta hausnarketak partekatzeko.
Antolatzaileen asmoa da "gure bizitzetan modu baten edo bestean eragina daukaten galderei erantzunak topatzen saiatzea". Hausnarketa kolektiboak nora eramango dituen ikusteko zain, herritar guztiek dute aukera parte hartzeko, eta etorkizunera begira, gaiei buruz hitz egiteko, gonbidatuak ekartzearen aukera ere aztertzen ari dira.