22-7ko emaitzarekin amaitu zen atzo iluntzean jokatutako Arabako lau eta erdiko txapelketako lehen partidua. Del Campo, azkenaldian bezala, konfidantzarekin atera zen frontoira eta erraz irabazi zion Motori. "Partidu polita izan da, azkenean konfidantzarekin zaudenean, dena irteten da eta partiduan ia guztia atera zait eta oso pozik nago", adierazi du Del Campok.
Garaipen horren ostean, ligako beste partidu bat jokatu beharko du aramaioarrak, eta hori irabaziz gero, finalaurrekora sailkatuko litzateke.
Aurretik ere txapelketa irabazitakoa
Del Campok badaki zer den Arabako lau eta erdiko txapela janztea. Izan ere, bigarren urteko kadete zenean jantzi zuen lehenengoz 2017-2018an, eta horren ondorengo bi urtetan ere irabaztea lortu zuen, gazte mailan.
Aurten ere, txapela lortzea du helburu.
Zapatuan, Euskal Ligako buruz burukoa
Denboraldi bikaina egiten dabil Del Campo pilotaria, eta horren erakusle da baita ere, zapatuan jokatuko duela Euskal Ligako buruz buruko finalerdia, senior 1. mailan, Gasteizko Ogeta frontoian, 18:00etan. Aurkari izango du Zestoako Abantzu taldeko Sasiain pilotaria.
Horrela dago zapatuko partidura begira: "Hitz handiak dira. Euskal Ligako txapelketa da eta onenen kontra jokatzen da. Partidu batera nire armak aterako ditut, aurkaria errespetatzen beti, eta gogoz nago, esate baterako, urteko final garrantzitsuena izango litzatekeena jokatzeko".