1999ko abenduaren 21ean inauguratu zuten Arrasateko Uarkape pilotalekua, eta inaugurazio partidu hartan aurreko koadroetan zein baino zein gehiago ibili ziren Titin III.a eta Mikel Goñi aurrez aurre izango dira ostera, 27 urte geroago, Aramaion.
Izan ere, Azpiko Racing lagun taldeak –Aramaioko rallysprinteko antolatzaileak– pilota jaialdia antolatu du ekainaren 27rako, eta partidu estelarrean erretiroa hartuta dauden bi lagun horiek batuko dituzte. Ez dute, baina, bakarrik jokatuko, Oronozkoak Aitzol Lazkano arrasatearra izango duelako atzean, eta Triciokoak Xabi Apaolazarekin osatuko du bikotea.
Bi partidu guztira
Arratsaldeko partidu nagusiaren aurretik, motorrak berotzen joateko, beste partidua bat izango da, hau ere eskuz binakakoa. Hor, Del Campok eta Arbizuk Uriberen eta Bergeraren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Hala, pilota jaialdia 18:30ean hasiko dute, baina Azpikoracingeko lagunek egun osoko egitaraua antolatu dute, 12:30ean trikipoteoaz, eta 14:30ean bazkari herrikoiaz. Pilota jaialdirako sarrerak (12 euro) eta bazkarirako txartelak entradium.com webgunean eros daitezke.
