Untzillako errepidearen proiektuan aldaketak egiteari oniritzia eman diote

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko ekainaren 4a

Aurreko eguenean egin zuten osoko bilkuraren une bat.

Auzoan oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta autoak astiroago joateko neurriak hartuko dituzte, besteak beste. Aurreko eguenean egin zuten maiatzeko osoko bilkuran onartu zuten aho batez, Untzillako errepidearen proiektuaren aldaketak egitea.

Aurreko eguenean egin zuten maiatzeko osoko bilkura eta bertan aho batez onartu zituzten, besteak beste, Untzillako errepidearen proiektuaren aldaketak eta ehiza-barrutiaren aprobetxamendua berriz esleitzeko espedienteari hasiera ematea.

Untzillako errepidean aldaketak

Asier Agirre alkateak azaldu zuenez, Untzillako errepidean egin beharreko aldaketen hasierako proiektua ADIFek egin zuen, Arabako Foru Aldundiaren Errepide Sailaren eskaeraz, baina, Udalaren ustez, oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak falta ziren. Horregatik, hainbat bilera egin dituzte erakundeekin, hobekuntzak adosteko, eta Udalak proposatutako hainbat hobekuntza aintzat hartu dituztela azaldu zuen alkateak: "Hasieratik saiatu gara oinezkoen segurtasuna bermatzen eta autoak astiroago joateko neurriak lortzen". Agirreren arabera, auzoaren parean espaloiak egingo dira, abiadura murrizteko sistemak jarriko dira eta errepidearen diseinuan aldaketak egingo dira, ingurunean izango duen eragina txikitzeko. "Eskatzen genuenaren %80 inguru lortu dugu, eta uste dut proiektua asko hobetu dugula", gaineratu zuen.

Ez dituzte Udalaren eskaera guztiak onartu –besteak beste, ez dute zebra-biderik margotuko galtzadan–, baina alkatea pozik zen egindako aurrerapenekin. Era berean, Aldundiaren jarrera eskertu egin zuen: "Entzun egin gaitu, nahiz eta errepideen arloan Udalaren eskumenik ez egon”.

Ehiza-barrutia eta beste

Bilkurako beste puntu bat izan zen VI-10152 ehiza-barrutiaren aprobetxamenduaren espedienteari hasiera ematea. Agirreren esanetan, Udalak du herriko ehiza-barrutiaren kudeaketaren ardura, eta hamar urtean behin egiten da aprobetxamendua esleitzeko prozesua. "Orain egin duguna da prozesuari hasiera ematea. Normalean, herriko ehiza taldeek eramaten dute", adierazi zuen.

Amaitzeko, EAJkoek galdetu zuten ea nola dagoen gaur egun kultura etxeko langilearen kontua, eta herritar bat ere izan zen osoko bilkuran, horren berri jasotzeko. Alkateak adierazi zuen kanpo enpresa batekin langilearen funtzioak zeintzuk diren zehazten ari direla, baina sententzian jasotakoa betetzen dabiltzala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak