Iazko urrian hasita, bederatzi liburu irakurri dituzte ikasturtean Aramaioko Irakurketa Klub Feministan. Hilero elkartu dira emakume idazleen lanak irakurri eta partekatzeko, eta, astelehenean ikasturteko azken saioa egin zuten, herritar guztiei irekia, eta Miren Amuriza idazlea gonbidatuta, haren Pleibak lanari buruz jarduteko.
Saioak dinamitzatzen dituen Eibarko Ainhoa Aldazabalek adierazi zuen ikasturte bukaera "ezinhobea" izan dutela: "Saio irekia oso ondo irten zen, hogei lagun inguru elkartu ginen; ohiko taldekideez gain, beste hainbat ere etorri ziren eta oso pozgarria da hori. Miren Amuriza entzutea luxu bat da eta denetarik kontatu zigun; idazketa prozesuko kontuak, liburukoak, anekdotak, pasarteren bat altuan irakurri zuen eta asko gozatu genuen".
Taldea handitzen eta berritzen
Irakurketa Klub Feminista 2018 ingurutik dinamizatzen du Aldazabalek. Hamar lagun inguru batu dira ikasturteko saio gehienetan kultura etxean eta urteotan taldea handitzen eta berritzen joan dela azaldu du. Hasierako partaideetako batzuk mantentzen dira eta kide berriak gehitu zaizkio taldeari. Ikasturte "aberatsa, anitza eta oso atsegina" izan dela gaineratu zuen Aldazabalek.
Askotariko irakurgaiak
Aurtengo ikasturtean genero eta formatu askotako lanak irakurri dituzte: komikiak, poesia, itzulpenak eta euskaraz sortutako obrak, betiere emakume idazleen lanak ardatz hartuta. Aldazabalen esanetan, bereziki esanguratsuak izan dira Detaile xume bat eta Etxe bat norberarena lanak. Lehenengoaren harira, Palestinako emakumeen literaturari buruzko saio berezi bat egin zuten, liburua komentatzeaz gain, izan ere, Palestinakoa da Adania Shibli idazlea. Bigarrenak, berriz, taldearen harrera beroa jaso zuen, poesia eta saiakera batzen dituen lan "sakon eta mamitsua" delako.
Irakurketak taldean partekatzeak eskaintzen duen balioa ere azpimarratu zuen Aldazabalek. Haren ustez, bakoitzak bere kabuz egindako irakurketak dimentsio berria hartzen du besteekin komentatzen denean: "Liburuaren interpretazio desberdinak entzuteak irakurketa aberasten du eta, gainera, entzuten, eztabaidatzen eta argudiatzen ikasteko aukera ematen du", esan zuen. Klubak ikuspegi feminista du oinarri. Horren bidez, emakumeen literatura ezagutarazteaz gain, mundua beste begirada batzuetatik irakurtzeko tresnak ematen dituela dio dinamizatzaileak. Haren esanetan, literaturaren bidez begirada fintzen da, eta horrek eragina du bizitza eta gizartea ulertzeko moduan ere.
Aramaioko Irakurketa Klub Feminista Arabako Foru Aldundiaren programaren barruan antolatzen da, eta herriko liburutegia arduratzen da irakurgaien aleak parte-hartzaileen eskura jartzeaz.