Kafe edo pote filosofikoak hausnarketa kolektiborako guneak dira, eta galderen bidez auzi filosofiko baten inguruan pentsatzeko aukera ematen dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, elkarrizketa dialogikoaren bidez "ikerketa komunitate" moduko bat sortzen da, eta parte-hartzaileek entzutea, arreta eta argudiaketa lantzen dituzte. Nabarmendu dute ez dela filosofia ezagutza berezirik behar parte hartzeko.
Utopia hizpide
Aurtengo topaketaren ardatza utopia izango da. Zapatuan, 12:00etan elkartuko dira Bizente Goikoetxea plazan, pote bat eskuan, eta Alba Garmendiak gidatuko du lehen hausnarketa saioa. Antolatzaileen esanetan, azken urteotan asko erabili den hitza da utopia, baina haren benetako esanahia lausotu egin dela uste dute. Besteak beste, honako galderak jarriko dituzte mahai gainean: Desiragarria den oro da utopikoa? Edo norberaren utopia bestearen amesgaiztoa izan daiteke?.
Hasierako saioaren ostean, talde txikitan egingo dituzte solasaldiak, eta, ondoren, talde handian partekatuko dituzte ondorioak. Eguna bazkariarekin jarraituko dute kanpoko frontoian, eta arratsaldean, Paula Amilburu eta Eli Zalduaren bertso saio filosofikoa izango da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, bestelako sorpresa batzuk ere izango dira egunean zehar.