Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladako antolatzaileek azaldu dutenez, herrian "ohitura" bihurtu den hitzordua da dagoeneko Eguzkierripa Rock jaialdia, eta asanbladako kide Gari Arexolaleibak esan du jendea "gogoz" dagoela, urtero moduan. Asanbladakoez gain, eguna antolatzeko lanetan ibili dira, gainera, kide ohi batzuk ere, eta baita beste hainbat herritar.
Zapatuan, 12:00etan hasiko da egitaraua, Erreka gaztetxean egingo duten hitzaldiarekin. Poliziaren inguruko gaia landuko dute, eta, Arexolaleibak azaldu duenez, Asanbladako kideen artean prestatutako saioa izango da: "Denon artean hausnartu dugu gaitegia, eta pare bat lagunek prestatu dute hitzaldia. Uste dugu denon interesekoa izango dela".
Paella-jana eta tribiala
14:30ean izango da bazkaria, Eguzkierripa auzoko Andramari ermitan. Asanbladako kideek prestatutako paella egongo da menuan, eta bazkalostean tribiala egingo dute, azken urteetan egin duten moduan, "jendea aktibatu eta jai-giroa sortzeko".
Punk doinuak
20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta eguneko unerik jendetsuena izaten da hori. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute Eguzkierripa ez dela "juergarako espazio" bat bakarrik. "Kontzertuak gustatzen zaizkio jendeari, baina garrantzitsua iruditzen zaigu goizetik jendea bideratzea eta formaziorako aukera ere ematea", azaldu du Arexolaleibak.
Aurtengo kartela bost taldek osatuko dute: Arrasateko eta Aramaioko musikariz osatutako Lepue Zapalduk, Arrasateko Hankaz Gorak, Izorrai talde hasiberriak, Balaklabak eta jaialdian urte askoan jo izan duen El Exterminio de la Raza del Monok.
Musika estiloari dagokionez, aurten punk doinuetara gehiago gerturatuko dela azaldu dute: "Saiatzen gara urtero berritzen, baina ez da erraza izaten".
Makrofestibalen aldean, txikia
Eguzkierriparen izaeraren parte da talde txikiei lekua egitea; horixe nabarmendu du antolakuntzak: "Aramaio bezalako herri txiki batean egitarau bat egotea garrantzitsua da. Guk apustu egiten dugu jaialdi txikien alde, gaur egun joera makrofestibalak dira eta". Aurrekontua mugatua dela aitortu dute, baina talde guztiei baldintza berak eskaintzen dizkietela.
Jaialdiaren helburu nagusietako bat herrian bizitza sustatzea dela ere azaldu dute: "Aramaio moduko herri txikietan horrelako egitarauak eta bizitzeko aukerak egotea nahi dugu. Beti joaten gara kanpora, eta guri ere gustatzen zaigu anfitrioi izatea". Horrez gain, herritarrak antolakuntzan parte hartzera animatzea ere bada helburua. "Denon artean horrelako ekimenak aurrera ateratzeko prest dagoen jendea behar izaten da", gaineratu du Arexolaleibak.