Ekoizle ekologiko eta txikiei balioa emanez egingo dute zapatuko Lorabarri azoka

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 7a

Iazko Lorabarri azokan, ekoizleak beren postuetan produktuak erakusten eta herritarrak horiek ikusten.

Gipuzkoako eta Nafarroako ekoizleak izango dira, besteak beste, aurten. Bidezko merkataritza, joskintza-lanak, eta ukenduak eta xaboiak ere egongo dira zapatuan Bizente Goikoetxea plazan, 11:00etatik aurrera.

Aramailur Kontsumo Taldeak antolatuta, aste berezia dute oraingoa Aramaion, Lorabarri ekimenaren baitan. Gaur, eguena, izango da lehen ekintza; aromaterapia tailerra. Hain zuzen, @ sorginbedar bezala ezaguna den Oihane Lekunberrik emango du eta hamabost lagun inguruk eman dute izena. Bihar, zapatua, egingo dute Lorabarri azoka, hamalaugarren urtez, Bizente Goikoetxea plazan, 11:00etan hasita.

Ekoizle txikiak oinarri

Aramailur taldeko Irati Mujikaren esanetan, azokaren helburu nagusia da "ekoizle txikiak eta ekoizpena modu ekologikoan egiten ari direnak bultzatzea eta horiek ezagutzera ematea". Aurten, Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorriko dira ekoizleak: "Produktu desberdin samarrak egiten dituztenak, gainera".

Parte-hartzaileen artean izango da Nafarroako Oibar herriko Mendiko familia, herriko ekonomatuarekin urteak daramatzana lanean. Orain arte ardogintzan aritu izan diren arren, aurten produktuak gehitu eta, ardoaz gain, olioa, almendrak eta ozpina ere ekarriko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dute "pozgarria" dela ekoizle batek bere jarduna dibertsifikatu eta produktu-sorta handitzea.

Gipuzkoatik etorriko dira beste hiru ekoizle. Horien artean dago Aiako Goiabe okindegi ekologikoa, baserriko ogiaz gain bestelako elaborazioak egiten dituena; tartean, ezkurrak erabiliz egindako produktuak. Bestetik, Errezildik etorriko da sagardoarekin egindako bermuta lantzen duen Zeberio ekoizlea.

Gaztaren alorrean, Mutiloako Telleria behi-gazta ekoizlea izango da bertan. Mujikak gogora ekarri du artzain-gaztak sasoi jakin bati lotuago dauden bitartean, behi-gaztak urteko une honetan ere merkaturatzeko aukera ematen duela.

Arrasateko Bidezko Merkataritzako Harreman dendak ere bere postua jarriko du, urte osoan ekonomatuan eskaintzen dituen produktuekin. Eta azokan ez dira elikagaiak soilik egongo; josteko lanak ere izango dira ikusgai, Arrasateko Dunixe Royoren eskutik, esaterako.

Tokiko ekoizpenak ere bere lekua izango du: Aramaioko ukenduak eta xaboiak erakutsiko dituzte, etxean bertan egindako produktuak. Azken urteotan antolatutako ikastaroei esker, hainbat produktu egiten ikasi dute –garbigailuetako xaboia, ontziak garbitzekoa, gorputzerako xaboiak, xanpuak eta ukenduak–, eta azoka "azken urteotako lanaren erakusleiho txiki bat" izango dela azpimarratu dute. Ekonomatuan izaten dituzten produktu batzuen postua ere izango da.

Elkartean, 60 bazkide

Aramailur Kontsumo Taldeak 60 bazkide inguru ditu gaur egun, eta guztiak inplikatzen dira urtean bizpahiru aldiz txanda egin eta ekonomatua zabalik edukitzeko. Hura irekita izaten dute martitzenetan eta eguenetan arratsaldez, eta zapatuetan, berriz, goizez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak