Udalekuetan izena emateko epea zabalik dago

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko maiatzaren 6a

Aramaioko udalekuak, artxiboko irudi batean.

HH2tik LH6ra bitarteko umeei zuzendutako udako aisialdi ekintza antolatu dute aurten ere, "giro ludiko eta hezitzaile batean ondo pasatzeko eta euskaraz gozatzeko" helburuarekin. Uztailaren 8tik 24ra izango dira udalekuak, 10:00etatik 13:00etara, eta izen-ematea zabalik dago.

Udalekuetako parte-hartzaileek adinaren araberako ekintza ugari izango dituzte aukeran aurten ere: jolas kooperatiboak, tailer sortzaileak, kirol jarduerak, talde dinamikak eta irteerak, besteak beste. Proposamen guztiak "elkarbizitza, sormena eta euskararen erabilera sustatzeko" diseinatu dituzte, haurrek esperientzia "aberasgarriak" bizi ditzaten, "giro atsegin eta gertuko batean".

Izen-ematea, zabalik

Izena emateko epea dago maiatzaren 17ra arte eta izen-ematea online egin beharko da formulario baten bidez, parte-hartzaile bakoitzeko fitxa bana betez.

Matrikularen prezioa hau izango da: lehen umeak 80 euro ordaindu beharko ditu, bigarrenak 60 eta hirugarrenak 50.

Ordainketa banku-transferentzia bidez egin beharko da Kutxabank-eko kontu korronte zenbaki honetara: ES57 2095 4408 5091 2381 7007. Titularra Aramaioko Udala da eta kontzeptu moduan umearen izen-abizenak jarri beharko dira.

Ordainagiria posta elektronikoz bidali behar da helbide honetara: euskara@gorbeialdea.eus, izena emateko epea amaitu baino lehen.

Begiraleak

Alaiki enpresa esleipendunak kudeatuko ditu aurten udalekuak eta begirale moduan aritu nahi dutenendako lan-eskaintza ere zabalik dago. Ezinbestean bete beharreko bi baldintza daude: aisialdiko begirale titulua izatea eta euskara B2 gaitasun ziurtagiria izatea.

CVa bidali edo informazio gehiagorako, nerea@alaiki.eus eta 671 559 937.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak