2022an, Micaela Portillaren jaiotzaren mendeurrenean, Arabako Foru Aldundiak, Aramaion irakasle izandako emakumearen dokumentala sortu zuen, Untzillan grabatutako hainbat irudirekin. Urtebete geroago, Untzillan bertan estreinatu zuten Micaela Portilla: elizak, dorreak eta bideak dokumentala, eta orain, berriro ikusteko aukera egongo da domekan, kultura etxean, 19:00etan.
Gasteiztarraren iloba den Jon Ibarrondo da ikus-entzunezkoaren zuzendaria eta gidoigilea, eta solasaldia egingo dute harekin, proiekzioaren ostean.
Untzillako Arragena baserrian bizi izandakoa da Portilla. Emakume aitzindaria izan zen, eta mugak hautsi zituen historiaren ikerketan eta zientziaren arloan, ia gizonezkoena besterik ez zen garai batean, frankismoan. Arabako historiari buruz haren bizitza osoan egin zuen lan sakona, eta gaur egun ere, erreferente da ikertzaile belaunaldi berrientzat.
Dokumentalak pertsona eta haren lana ezagutarazi nahi ditu, eta baita haren ondare pertsonalaren garrantzia nabarmendu ere.