Martxan da Txirritolak urtero antolatzen duen ipuinen eta mikroipuinen lehiaketa

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 29a

Iazko Txirritolaren ipuin eta mikroipuinen lehiaketako sari banaketan, parte-hartzaile talde bat, diplomekin.

Bi kategoria bereizi dituzte aurten ere: alde batetik, ipuinen atala, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua; eta bestetik, mikroipuinena, nerabe, gazte eta helduentzat, gehienez 100 hitzeko testuekin. Maiatzaren 8a baino lehen entregatu behar dira lanak, liburutegian.

Txirritola euskara elkarteak urteroko ipuin eta mikroipuin lehiaketa abiatu du, Aramaioko herritarren artean euskararen erabilera eta sormen idatzia sustatzeko helburuarekin. Lanak, maiatzaren 8a baino lehen entregatu beharko dira, liburutegian, eta baldintza nagusiak dira euskaraz idatzita egotea eta argitaratu gabeak izatea.

Bi kategoria

Bi kategoria bereizi dituzte aurten ere: alde batetik, ipuinen atala, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua; eta bestetik, mikroipuinena, nerabe, gazte eta helduentzat, gehienez 100 hitzeko testuekin. Lanak karta-azal batean aurkeztu beharko dira, eta barruan egilearen datuak jarri.

Txirritolako kide Aitziber Aginagalderen arabera, ekimenaren helburua argia da: "Euskararen erabilera bultzatzea; kasu honetan, idatzizko formatuan". Azaldu duenez, lehiaketak lotura estua du eskolarekin, eta horrek parte-hartzea nabarmen baldintzatzen du: "Eskolara zabaltzen da eta, gehienbat, eskolako umeek parte hartzen dute. Umeek eskolan lanketa egiten dute lehenengo, eta horren ostean idazten dute lana".

Izan ere, ikasle guztiek hartzen dute parte: lehen ziklokoek taldeka sortzen dute ipuina, marrazkiekin eta testuarekin osatutako liburuxka artistiko moduan; bigarren eta hirugarren zikloetakoek, berriz, banaka idazten dute. "Umeak pozik joaten dira sari banaketara, eta urte askotako ohitura da dagoeneko", gaineratu du Aginagaldek.

Helduen parte-hartzea, ordea, txikiagoa izan ohi da. Horri aurre egiteko sortu zuten mikroipuin formatua azken urteetan: "Lehen, ipuinak bakarrik idazten ziren, baina jendea ez zen askorik animatzen. Mikroipuinarekin, laburragoa denez, heldu gehiago animatu izan dira", azaldu du Aginagaldek.

Aginagaldek espero du, gainera, mikroipuin kategoriak aurten beste bultzada bat izatea: "Helduengandik ea mikroipuinek beste bultzadatxo bat duten. Beti dago sorpresaren bat; ipuinak irakurtzerakoan beti harritzen zaitu zerbaitek".

Ondoren, sari banaketa

Behin lehiaketa amaituta, epaimahaiak pare bat asteko epea izango du irabazleak erabakitzeko. Ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute –oraindik data zehaztu gabe–, eta saridunen lanekin liburuxka bat argitaratuko du Txirritolak, elkarteko bazkideen artean banatzeko. Gaur egun, 100 bazkide inguru ditu elkarteak.

Bestalde, Txirritola bera barne hausnarketa prozesu batean murgilduta dagoela adierazi du Aginagaldek: "Aramaio arnasgunea da, baina euskara zelan bultzatu badago lana. Udalarekin eta UEMArekin batera herriko egoera aztertzen ari gara", azaldu du. Hala ere, argi dute bidea: eskolarekin elkarlanean eta herritarren sormena sustatuz, euskarak bere tokia indartzen jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak