Sorpresa galanta eroan dute Aramaion, Orixol mendiaren magalean dagoen Kasatxo elkarte gastronomikoko lagunek gaur goizean. "10:30-11:00ak aldera ondoko iturria ura hartzera joan garenean, granada bat topatu dugu sendan. Askotan pasatzen gara bertatik, baina inoiz ere ez dugu horrelakorik topatu. 112ra deitu eta berehala etorri dira Ertzaintzakoak", azaldu du Juanra Vallinak.
Lehenengo ertzainen patruila bat joan da bertara eta Espainiko gerrako granada bat zela baieztatu ostean, Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitateari pasatu diote abisua. Unitateko bi kide bertaratu dira eta artefaktua zegoen lekutik atera eta metro gutxira leherrarazi dute: "Ikusi dugu tokia aproposa zela leherketa kontrolatu bat egiteko eta granada deuseztatzea erabaki dugu".
Azaldu dutenez, ez da arraroa horrelako abisuak jasotzea: "Astean abisu bat edo bi izaten ditugu, urtean, 300 eta 400 artean. Espainiako gerrako artefaktuak izan ohi dira, baina baita gerra karlistetakoak ere. Batez ere eguraldi txarra egiten duenean, norbait metalak antzemateko makina batekin ari denean edo toki batean obrak egiteko indusketa lanak egiten dituztenean agertzen dira". Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko kideek gaineratu dute norbaitek horrelakorik aurkitu ezkero, gomendioa dela artefaktua ez ukitzea eta 112 zenbakira deitzea.