Del Campo eta Arriolabengoa txapela lortzeko lehian izango dira, Ogetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 23a

Del Campo pilota jotzeko prest eta atzean Arriolabengoa, aurreko egubakoitzeko Aramaioko finalaurrekoan.

Asier Del Campo eta Markel Arriolabengoa pilotari aramaioarrak Arabako Pilotako Udaberriko Txapelketako finalera iritsi dira, eta iaz lortutako txapela berriro janzteko asmoz kantxaratuko dira domekan 12:00etan, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Domekan jokatuko dute Arabako Udaberri Txapelketako finaleko pilota partidua Asier Del Campo eta Markel Arriolabengoa pilotari aramaioarrek. Txapelketan jokatu dituzten lau partiduak irabazi dituzte; azkena, joan den egubakoitzean, Aramaioko Maider Unda pilotalekuan, Aimar Saez eta Inhar Manterola 22-3 menderatuta.

Del Campok argi dauka momentua ona dela: "Gogoz gaude. Ez dugu urtean zehar aukera askorik izaten elkarrekin jokatzeko, baina horrelako txapelketak herrikoak izanda ilusio handiz hartzen ditugu. Azkenenean, txapel bat da eta ilusio handia daukagu". Gainera, azken asteetan pilatutako emaitzek konfiantza eman dietela nabarmendu du.

Finalerako, konfiantzarekin

Finalean aurkari izango dituzte Txukun Lakua Gasteizko Pilota Elkarteko bi kide: Aitor Atxaerandio eta Iosu Ramos eurekin entrenatzen dira. Horrek badu bere alde ona eta txarra, Del Camporen esanetan: "Ezagutzen dugu elkar, batera entrenatzen gara astero, eta gero, laguntasun hori dago. Ez dakit lehiakortasun bera izango dugun, baina polita da taldekideen kontra final bat jokatzea".

Bikotearen indarguneei dagokienez, osagarriak direla azpimarratu du aurrelariak: "Arriolabengoa oso pilotari indartsua da, bi esku oso onak dauzka eta aireko jokoa ondo dominatzen du. Defentsan asko laguntzen nau. Nik kolpea eta teknika nabarmenduko nituzke, niri dagokidanez".

Arriolabengoak ere baikor hitz egin du finalari begira: "Momentu onean gaude, konfiantzarekin ari gara". Bien arteko ulermena gakoetako bat dela uste du: "Konfiantza daukagu elkarren artean, ondo ulertzen dugu elkar eta ondo komunikatzen gara. Ez bazaigu zerbait gustatzen, esan egiten dugu".

Iazko garaipena berezia izan zela gogoratu du atzelariak: "Beti da berezia herrikoekin eta gertuko jendearekin lortzea txapela". Aurten ere bide beretik jarraitu nahi dute, nahiz eta denboraldiak gorabeherak izan dituen: "Eskuekin arazoak izan ditut, baina bueltan nago eta txapelketa dezente ditugu aurretik".

Aramaioko zaleak bertan

Finalak, gainera, giro berezia izango du. Ogeta pilotaleku handian jokatzeaz gain, Aramaiotik zale ugari joatea espero dute. Hauxe dio Del Campok: "Aramaio herri txikia da, baina oso elkartuta gaude eta asko bultzatzen da eskupilota. Ogetan, horrelako pilotaleku batean eta herriko jendearekin, momentu polita izan daiteke".

Iazko finalean 22-14 irabazi zuten, nahiz eta urduritasunak jokoan eragin: aurten, ordea, konfiantzarekin eta joko sendoagoarekin, txapela berriz eskuratzeko prest daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak