Aramaioko Argindar Banatzailea Udalaren jabetzakoa da eta bi puntutan esku hartu behar izan dute: Gureia auzoan eta Zalgo inguruan, hain zuzen ere. Sare elektrikoa 1980an egindakoa da eta bi puntutan aldaketak egin behar izan dituzte.
Moldaketak bi lineatan
Orain arte leku berean 30-40 urtez egon diren lineak beste kokapen batera eramaten ari dira, segurtasuna eta zerbitzuaren egonkortasuna bermatzeko, eta proiektua "estrategikotzat" jo du Udalak.
Sarearen bi tarte nagusitan ari dira lanean: alde batetik, Altzaga eta Gureia arteko linea batean; eta bestetik, Zalgotik Ibarrara doan tartean. Bi kasuetan, lur mugimenduek eragindako arazoengatik egokitu behar izan dituzte azpiegiturak.
Lanek, bi fase
Lanek bi fase izango dituzte. Lehenengoan, dagoeneko hainbat poste jarri eta linea batzuk aldatu egin dituzte. Joan den astean, esaterako, Gureia auzoan lur azpian kableak sartzen ibili ziren, eta aurreko egubakoitzean kamioiekin posteak jartzen aritu ziren. Bigarren fasean, berriz, kableak lekuz aldatzen jarraituko dutela azaldu du alkateak, eta azken posteak muntatuko dituzte.
Lanek argi-mozketak eragingo dituzte, nahiz eta aurrez jakinaraziko dituzten. "Egin beharreko lanak dira", azaldu du Asier Agirre alkateak. Nolanahi ere, zerbitzua bermatzeko argi-sorgailuak jarriko dituzte bitartean, herritarrek ahalik eta gutxien nabaritu dezaten.
Guztira, sei langile inguru ari dira lanean, EDS enpresaren bidez obra zibila egiten, 200.000 euro inguruko aurrekontuarekin.

Proiektu "estrategikoa"
Udalaren eta Argindar Banatzailearen arabera, obra horrek garrantzi berezia du herriarentzat, eta proiektua estrategikotzat jotzen dute. Hau adierazi du alkateak: "Udalarena denez argindar enpresa, alde batetik, zerbitzua eman eta bermatu beharra daukagu. Eta bestalde, bere garaian herritarrek eskuzabaltasun osoz euren lurrak utzi zituzten instalazioak egiteko, eta orain ere antzera gertatu da. Herritar gehienek erraztasunak eman dizkigute linea berriak egiteko".
Gainera, tokiko enpresa izatearen balioa nabarmendu nahi izan du Agirrek: "Askok alderatzen dute gurea Iberdrolarekin edo Endesarekin, baina ez da berdina. Gure enpresa txikian dirua herritik kudeatzen da, lanpostuak sortzen dira eta inbertsioak egiteko aukera dago". Gaur egun, bi lanpostu sortzen ditu Argindar Banatzaileak.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie lur-jabeei: "Linea berriak jarri behar diren lekuetako lur-jabeei eskerrak eman nahi dizkiegu, eman dituzten erraztasunengatik".