Herriko euskararen egoera indartzeko bidean, egin dute herritarrekin lehen saioa

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 16a

Eguazten arratsaldeko saioan herritarrak taldeka, euskararen egoeraz hausnartzen. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Aramaioko euskararen egoera aztertu, helburuak finkatu eta Udalaren Euskara Plana egiteko abiapuntua izan zen duela aste batzuk UEMAk, Aramaioko Udalak eta Txirritola Euskara Elkarteak elkarlanean zabaldutako galdetegia. Horren ostean, atzo, herritarrekin lehen saio irekia egin zuten eta datorren eguaztenean egingo dute bigarren eta azken saioa.

UEMAk, Aramaioko Udalak eta Txirritola Euskara Elkarteak galdetegi bat egin zuten, herritarrek euskararen egoerari buruz duten pertzepzioa jasotzeko helburuarekin. Eta erantzunak ikusita, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: ia 50 lagunek parte hartu dute, eta horrek oinarri sendoa eman dio ondorengo lanketari.

Atzo, eguaztena, lehen saio irekia egin zuten udaletxeko osoko bilkuren aretoan; 24 herritar inguru izan ziren –adin, genero eta zaletasun anitzak dituztenak– eta saioa Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikari Manex Agirrek eta UEMAko teknikari Ibon Aginagak gidatu zuten.

Agirre eta Aginaga, azalpenak ematen. (Argazkia: Aramaioko Udala).

Hiru hutsune identifikatu

Hasteko, Aginagak, UEMAko ikerlari eta soziolinguista den Iñaki Iurrebasoren tesiaren ondorioak modu ulerterrazean azaldu zituen, parte-hartzaileek egungo egoera soziolinguistikoa ulertzeko testuingurua izan zezaten. Gero, Agirrek galdetegiko ondorioak partekatu zituen, eta ostean, talde txikitan jarri ziren herrian euskarak dituen hiru hutsune identifikatzeko, eta, ondoren, hutsune horiei begira, 2034 urterako helburuak proposatzeko. Gaia talde bakoitzean landu eta guztien artean adostasunak bilatu zituzten gero. 

Lehen hutsune bezala ikusi zuten eremu informaletan euskararen erabilerak duen presentzia. Agirrek azaldu duenez, "behin eta berriz agertu zen kalean, tabernetan edo eguneroko harreman informaletan dela gaztelaniaren presentzia handiena". Aldiz, harreman formaletan —udalarekin, eskolarekin edo antolatutako jardueretan— egoera hobea dela ondorioztatu zuten.

Bigarren hutsunea agertu zen gazteen eta nerabeen euskararen erabilerari lotuta, nahiz eta saioan bertan nabarmendu zuten ikuspegi hori baldintzatuta egon daitekeela galdetegian parte hartu dutenen profilagatik, gehienak 40 eta 60 urte artekoak baitziren. Hala ere, eztabaidak zabaldu egin zuen fokua: "Az- kenean ondorioztatu genuen ez dela gazteen kontua bakarrik; helduen eta adinekoen artean ere badago zer landu, eta, batez ere, euskararekiko kontzientzia adin-tarte guztietan indartu behar dela", azaldu du Agirrek.

Hirugarren hutsunea hizkuntza-inguruneari eta erreferenteei lotuta dago. Parte-hartzaileek azpimarratu zuten ezin dela ardura guztia hiztunen gain utzi: beharrezkoa da euskaraz aritzeko erosoa izango den ingurunea sortzea. Horri lotuta, herrian erreferente faltari ere erreparatu zioten, euskararen erabilera sustatzeko eragin handia izan dezaketen pertsonen presentzia eta jarrera indartzeko beharra azpimarratuz.

Hurrengoa, eguaztenean

Agirrek nabarmendu du prozesuak berak erakutsi duela herrian bazegoela halako gogoeta egiteko beharra: "Ikusten da jendeak hitz egin nahi zuela, eta horrelako espazioek aukera ematen dute iritziak partekatzeko eta elkarlanean aurrera egiteko".

Hori dela eta, antolatzaileek herritarrei dei egin diete datorren asteko saioan ere parte hartzera, Aramaioko euskararen etorkizuna elkarrekin marrazten jarraitzeko. Eguaztenean izango da, hilak 22, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak