Pote filosofikoaren ekimenaren atzean dagoen Gazte Asanbladako kide den Oihan Azkaratek azaldu duenez, "Erreka gaztetxea sortu genuenetik, beti gura izan dugu herri guztiarendako espazio bat izatea. Gaztetxe izena batzuetan gazteekin soilik lotzen da, baina guk argi dugu Aramaioko herritar guztiei zabalik dagoen espazio bat dela". Hala, herritar guztiendako irekita egongo den lehen pote filosofikoa antolatu dute.
Pote filosofikoaren sorrera, gainera, herriko testuinguruari lotuta dago: "Aramaion badago filosofia ikasi duen edo ikasten ari den jendea, eta horretatik sortu zen ideia. Herrikide batek proposatu zuen, eta martxan jarri dugu. Edonork egin ditzake proposamenak", azaldu du.
Ekimenaren helburu nagusietako bat da filosofia herritarrengana hurbiltzea: "Askotan filosofia oso urruneko zerbait bezala ikusten da, baina guk erakutsi nahi dugu gure egunerokoan presente dagoela". Horrela, eguneroko bizitzarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte saioetan.
Laguntasuna hizpide
Lehen saioan laguntasuna eta harreman ereduak landuko dituzte, eta parte-hartzaileei hausnarketarako galderak ere egin dizkiete: "Zerk bihurtzen ditu arrotzak lagun? Eta lagunak arrotz?". Saioari hasiera emateko hizlari batzuk egongo badira ere, Azkaratek azpimarratu du espazio irekia izango dela: "Herrikide orok izango du parte hartzeko aukera, bere pentsamendua plazaratu eta besteekin eztabaidatzeko".
Amaitzeko, Aramaioko herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte ekimenean parte hartzera eta aurrerago gehiago egitea espero dute.
Asanbladak, egubakoitzetan
Gazte Asanbladatik lanean jarraitzen dute eta egitarau jarraitu bat eramateko asmoa dute: "Autodefentsa tailerrarekin bagabiltza, egubakoitzean pote filosofikoa egingo dugu eta zine forumarekin ere lanean gabiltza. Aurrerago ekimen gehiago ere etorriko dira". Gainera, gogorarazi du egubakoitzero 22:00etan elkartzen direla gaztetxean.