Herriko euskararen egoera aztertzeko bi saio; bihar, lehenengoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 14a

Aramaioko euskararen egoerari buruzko gogoeta partekaturako bi saio antolatu dituzte; bihar, eguaztena, izango da lehenengoa, eta hilaren 22an, bigarrena. 18:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira eta inkesta bidez jasotako iritziak oinarri hartuta, aurrera begirako erronkak eta ekintza-ildoak lantzea izango da helburua.

Duela aste batzuk, UEMAk, Aramaioko Udalak eta Txirritola Euskara Elkarteak elkarlanean prestatutako galdetegia zabaldu zuten herrian, euskararen egoerari buruz herritarren iritzia jasotzeko. Ekimenak harrera ona izan du, eta guztira ia 50 erantzun bildu dituzte antolatzaileek.

Jasotako datuak aztertzeko eta etorkizunari begira pausoak zehazteko, bi hausnarketa-saio ireki antolatu dituzte. Lehenengoa bihar, eguaztena izango da, eta bigarrena, hilaren 22an; 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Saio horietan, euskararen erabileraren indarguneak eta ahulguneak aztertuko dituzte, bai eremuaren arabera, bai adin-tarteen arabera. Gainera, etorkizuneko erronkak identifikatu eta erakundeek —UEMAk, Txirritolak eta Udalak— zein norabidetan jardun beharko luketen ere izango dute hizpide.

Antolatzaileek azpimarratu dute herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango dela prozesuan, eta aramaioarrak bi hitzorduetara joan daitezene animatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak