Udala neurriak hartzea aztertzen ari da herrian gertatu diren "eraso larrien" harira

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 31

Asier Agirre alkatea, eskola atzeko biomasa-galdara berriaren obretan, astelehen goizean.

Duela bi zapatu herrian izandako "eraso larriek" "kezka handia" eragin dute Aramaion, eta egoerari aurre egiteko neurriak hartzea aztertzen ari da Udala. Asier Agirre alkateak azaldu du ez dela gertakari isolatua, "aspalditik" datorrela, eta azkenekoak "muga bat gainditu" duela. Gainera, biomasa-galdarako obretan dabiltzan enpresek salaketa jarri dute Ertzaintzan.

Herrian izan diren azken erasoetan kalteak ez dira udal jabetzetan soilik izan, baizik eta enpresa pribatu bati eta langile autonomo bati ere eragin diete. Biomasa-galdararen obretan ari zen hondeamakina kaltetu ondoren, lanak hiru egunez gelditu behar izan zituzten. "Ez da makina bakarrik gelditu dela; inguruan lanean ari ziren pertsona eta baliabide guztiek ezin izan dute aurrera egin", azaldu du alkateak. Hainbat bileraren ostean, obra berriro martxan jartzea lortu dute, baina ondorio ekonomikoak oraindik zehaztu gabe daude.

Udalak azpimarratu du kalteek bi dimentsio dituztela: ekonomikoa eta soziala. "Langile bati bere lan-tresnak hondatzen badizkiozu, ez da dirua soilik; lanegunak galtzea eta errespetu falta handia ere bada", esan du Agirrek. Gainera, erasoek "obra estrategiko bat kolokan" jar dezaketela ohartarazi du, epeak bete ezean dirulaguntza galdu daiteke eta.

Egoeraren "larritasuna"

Testuinguru horretan, alkateak egoeraren larritasuna nabarmendu du. Aramaioko Udalak baliabide ekonomiko "mugatuak" ditu, eta obra 15 egun atzeratuz gero Europako dirulaguntza galtzeko arriskua dago. Horrek 250.000 euroko galera ekar lezake eta etorkizuneko inbertsioak arriskuan jarri, "tontakeria" baten ondorioz.

Bestalde, gertakariek ikerketa abiatu dute. Kaltetutako enpresek –Giroa eta azpikontrata– salaketa jarri dute Ertzaintzan, eta orain haien esku dago egileen identifikazioa. Udalak susmoa du kalteen atzean adin txikiko gazteak egon daitezkeela, azken hilabeteetan eskolan eta kalean izandako bestelako ekintzekin lotuta. Izan ere, egun berean eskolako instalazioetan ere kalteak izan ziren: ateak apurtu, eskolara sartu eta sua piztu zuten igogailu inguruan: "Ez da lehen aldia, eta hori da larriena; behin eta berriz gertatzen ari da".

Kamerak jartzearen aukerari dagokionez, Udalak ez du, momentuz, halako neurririk hartu nahi: "Herri txiki bat gara, eta oso larria litzateke herritarrak kontrolatzeko puntura iristea; etikatik eta arduratik landu behar dugu arazoa". Hala ere, bestelako neurriak hartzeko prest daude.

Azkenik, alkateak mezu zuzena bidali die gurasoei eta gazteei: alde batetik, segurtasun-arriskuez ohartarazi du, sua piztean edo material arriskutsuekin jardutean ondorio larriak izan baitaitezke; bestetik, gurasoen inplikazioa eskatu du: "Haien ardura ere bada seme-alabak non dabiltzan jakitea". Udalaren nahia da herrian "bizikidetza bermatzea eta halakoak ez errepikatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak