Peru eta Martin Abarrategi: "Polita litzateke ofizioren bat bi anaiok elkarrekin kantatzeko aukera izatea bihar"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko martxoaren 27a

Peru eta Martin Abarrategi bertsolariak, astelehenean, Aramaion.

Aramaioko finalerdian elkarrekin kantatu ostean, bihar, zapatua, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian 17:30ean jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finalean batera izango dira Peru eta Martin Abarrategi anaiak; bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke sarrerak.

Finalerako gogotsu zaudete?

Peru: Finalerdiaren ostean pixka bat erlaxatu eta deskonektatu ondoren, gogotsu nago biharko; ea ofizioren baten Martinekin kantatzeko aukera dudan.

Martin: Sorpresa galanta izan zen finalerako txartela eskuratzea, lotu samar sentitu nintzen-eta Aramaioko saioan, eta arantzatxo hori geratu zitzaidan; bada, arantzatxo hori kentzeko gogoz noa.

Zelakoak izan dira bezpera egunak?

Peru: Normal samarrak, egia esan, bertso-eskolako kideekin ohi baino entrenamendu gehiago egiten saiatu bagara ere.

Martin: Finaleko eguna gerturatu ahala urduritasunak gora egin du, baina ondo joan da.

Martin Abarrategi: "Neure burua finalean irudikatu dudan guztietan Peru ikusi dut alboan"

Bi anaia izango zarete finalean; zelan bizi duzue hori?

Peru: Txapelketako osagai bereziena, nire ustez, bi anaiekin kantatzea izan da; beraz, finalean ere saiatuko naiz ahalik eta bertsokide onena izaten eta emozioak distantziatik bizitzen.

Martin: Neure burua finalean irudikatu dudan guztietan Peru ikusi dut nire alboan; normaltasunez hartzen badugu ere, askotan ez gara kontziente zelako zortea dugun anaiok elkarrekin kantatzeaz.

Peru Abarrategi: "Aitortu behar dut finalera heldu aurretik presioa sentitu dudala"

Peru, Arabako Bertsolari Txapelketako laugarren finala duzu; zertan laguntzen du horrek?

Oholtzaren gainean eskarmentua erakutsi nuen finalerdian, eta, zalantza barik, lagundu egiten du horrek. Final guztiak bezala, biharkoa ere berezia izango da, eta saiatzen naiz distantziatik bizitzen. Aitortu behar dut, baina, finalera heldu aurretik presioa sentitu dudala eta ez dudala oso ondo pasatu.

Martin, lehenengo finala da zuretzako; zenbateraino da hori presio?

Kontrakoa, esango nuke; nik ez dut txapelketan zehar Peruk bezala sentsazio deseroso hori bizi izan, eta, biharkora begira neure buruarekin gustura geratuz gero, helburua beteta!

Zein ariketa da zuentzako samurrena eta zein zailena?

Peru: Seiko motza kenduta, beste ariketa guztiak nahiko ohikoak dira, oinarrian bertso saio nahiko arrunta baita, final bat den arren. Seiko motzean ez dut normalean kantatzen, eta bertigo apur bat ematen dit horrek.

Martin: Bat nator Perurekin; zaila da seiko motzean kantatzea, eta erraz sartu daiteke hanka, baina ariketa horretan eta baita gainontzekoetan ere ahalik eta ondoen egitea da gakoa. Ohi bezala, entrenamenduak batera egin ditugu, eta ea bihar batera kantatzeko aukera ematen diguten.

Lehiakide izango dituzuen lau lagunei begiratuta, zer diozue, adibidez, Aroa Arrizubietari buruz?

Peru: Txapelduna da, eta mailari dagokionez Arabako onenetakoa iruditzen zait. Uste dut txapela defendatu gurako duela; hortaz, lagun ona da, baina aurkari gogorra ere bai.

Martin: Harreman oso estua dut Aroarekin; lagun mina da eta oholtzatik kanpo ere gauza asko partekatu izan ditugu. Bertso mailari dagokionez, Peruk azpimarratu duen moduan, ez dut inongo zalantzarik zergatik irabazi duen txapela eta zergatik den aurten hautagai nagusietako bat; egia esan, pozik kantatuko nuke Aroarekin.

Maddi Agirrek sekulako txapelketa egin du.

Martin: Hala da! Finalean egongo den gazteena da eta estreinako finala izango du, baina hau- tagai indartsua da; bertsotan oso fin eta txukun egiten du, eta oholtzatik kanpo ere asko partekatu izan dugun laguna.

Peru: Poza ematen dit Maddik finalean kantatzeak; ate handitik, puntuazio altuenarekin, sartu da finalean.

Zer diozue Iñaki Viñaspreri buruz?

Peru: Erreferente bat da niretzako, asko erraztu du nire ibilbidea Arabako Bertsolari Txapelketan eta baita lanbidean ere. Finaletan esperientzia handiena du eta bertsotan asmatzen duenean txispa eta indar handia du; beraz, kontuz harekin ere.

Martin: Erreferentea niretzako ere bai; hortaz, ilusioa egiten dit taularen gainean harekin egoteak.

Unai Andak osatuko du seikotea.

Martin: Finalaren atarian geratu da azken bi txapelketetan eta uste dut baliatuko duela aukera hori; elegante kantatuko du eta bertsokide moduan ere lagunduko du.

Peru: Bat nator Martinekin; egia esan, orokorrean, harreman oso ona dugu seion artean.

Zein izango da eguneko plana?

Biak: Goizean lo luze egiten saiatu eta familiakoekin zerbait bazkaldu ostean, Gasteizera joango gara elkarrekin.

Ze aholku emango diozue elkarri?

Peru: Emozioak distantzia batetik bizitzen eta zentratuta egoten saiatzeko esango nioke, eta hark gozatzen badu jendeak ere gozatuko du berarekin.

Martin: Ez nago ohituta Peruri aholkuak ematen, baina, orain arte ikusi den moduan, hautagai indartsua da emozioak kudeatu eta lasai kantatzeko kapaza bada; hortaz, hark ere hala sinistu dezala esango nioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak