Aramaion euskararen egoera ezagutzeko galdetegi laburra jarri dute martxan Udalak, Txirritola Euskara Elkarteak eta UEMAk. Ekimenaren helburua da herriko hizkuntzaren eguneroko erabileraren argazki ahalik eta errealena osatzea, eta, horretarako, herritar ahalik eta gehienen iritziak eta bizipenak jaso nahi dituzte.
Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikari Manex Agirrek azpimarratu du nahiz eta Aramaio herri euskalduna izan garrantzitsua dela egunerokoan euskarak duen presentzia eta erabilera aztertzea, etorkizuneko neurriak zehazteko oinarri gisa, eta hau gaineratu du: "Aramaioko Udalak ez dauka Euskara Planik momentu honetan indarrean dagoenik, udalerrira begira. Garai bateko planaren epealdia bukatu zen, eta orain, berria egitea tokatzen zaigu; ez dakigu zein iraupen izango duen, parte-hartze prozesu baten menpe dago hori; betiere, UEMAren irizpideak jarraituz eta haiekin koordinatuta ari gara lanean, baina Aramaioko errealitateari erantzuteko asmoz".
Apirilean, emaitzak
Jasotako erantzunen emaitzak apirilaren 15ean eta 22an aurkeztu eta aztertuko dituzte jendaurrean, 18:00etatik 20:00etara egingo diren saio irekietan. Topaketa horietan euskararen egoeraz hausnartu eta herritarren ekarpenak jasotzeko aukera izango dela gaineratu dute.