Orain gutxi, Bañera parke aurreko belardiko bankuari egindako kalteen berri eman zuen udalak.
Pintaketak ere "ohikoak" dira asteburuko gauetan, haien esanetan.

Eta orain, joan den zapatu iluntzean egindako "eraso larrien" berri eman dute, "nahita eragindako kalteek maila bat gora" egin dutelako.
Alde batetik, eskolan, igogailuaren ondoan, sua egin zutela esan dute; horrez gain, jangelaren ondoko komunetako atea ere apurtu dutela, eta ez dela hori egiten duten lehen aldia.
Biomasa-galdarako obretako hondeamakina
Horrez gain, eskolaren atzealdean biomasa-galdara jartzeko lanean diharduten langileen hondeamakina edo eskabadora frontoi ondoan zuten aparkatuta eta erregaiaren deposituan harea bota dutela, eta instalazioko kableak moztu dizkiotela azaldu dute. Gaineratu dute horrek ondorio zuzen bat duela: "makinaren jabea, langile autonomoa, lanerako erremintarik gabe gelditu dela, denbora luzez".
Biomasa-galdararen obra 250.000 euro inguruko inbertsioa da, eta diru-laguntza batek baldintzatzen du osorik: "Ekainaren bukaerarako galdara martxan ez badago, diru-laguntza galduko litzateke eta baliteke udalak diru-kopuru osoa jarri behar izatea".
Udaletik "susmo irmoa" dute kalte horien egileak adin txikiko gaztetxoak direla. Eta adierazi dute ez direla errepikatzeaz nekatuko: "Mezu zuzen bat bidali nahi diegu kalteak egin dituztenei, jabetza publikoaren eta pribatuaren aurkako erasoak egiteak dituzten ondorioez ohartu daitezen. Eta adin-tarte horretako seme-alabak dituzten gurasoei, etxean gaiaz hitz egiteko eta egoerak eskatzen duen hausnarketa egiteko eskatu nahi diegu".
Egindakoek "eragin nabarmena" izan duela esan dute biomasa-galdararen instalazioan lanean ari diren langileengan, eskola komunitatean, eta aramaioar guztiengan. Eta "eragin nabarmena" izan dezakeela "kalteak egiten aritzen direnengan ere".