Alaiak jubilatuen elkarteko bazkideen eguna ospatuko dute zapatuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 18a

Alaiak jubilatuen bazkideen eguneko artxibo irudi batean, hainbat lagun kantuan eta txaloka.

Urteko batzar orokorra egingo dute lehenengo. Gero, luntxa izango dute eta bazkaltzeko 76 lagun inguru elkartuko dira Alaiak jubilatuen bazkideen egunean.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Alaiak jubilatuen elkarteko bazkideen egunerako. Zapatuan egingo dute, eta elkarteko kideek batzarra, bazkaria eta giro atsegineko ospakizuna partekatuko dituzte. Elena Zubizarreta presidenteak azaldu duenez, "egun inportantea da, elkarrekin egoteko aukera ematen duelako". Aurten, gainera, data aldatuta egingo dute: "Aurreko urtera arte, udazkenean ospatu izan dugu egun hori, baina udazkenean jubilatu guztien eguna ere izaten dugu, oso jarraian izaten ziren, eta data aldatzea probatu nahi izan dugu". 

Batzar orokorra goizean

Urteko batzar orokorrarekin hasiko dute eguna. 10:30erako egin dute lehen deialdia, kultura etxean, eta bigarrena, 11:00etarako. Bertan, elkartearen urteko jardunari lotutako hainbat gai jorratuko dituzte: aurreko urteko kudeaketaren balantzea, txosten ekonomikoa, aurrera begirako egitaraua eta aurrekontuak, besteak beste. "Iaz egindakoaren laburpena eta aurtengo asmoen berri emango dugu, bazkide guztiak jakinaren gainean egon daitezen", azaldu du Zubizarretak.

Aldaketak egingo dituzte zuzendaritza batzordean; izan ere, batzordekideen erdiek kargua utziko dute, eta bazkideen artean hautatuko dituzte ordezko berriak. Karguek bi urte irauten dute. Zubizarretak berak ere presidente kargua utziko du, bi urteren ondoren. Haren esperientziaz galdetuta, pozik agertu da: "Jende askorekin kontaktuan egoteko aukera eman dit. Normalean, nor bere zirkuluan mugitzen da, baina, horrelako ardurak hartuta, beste harreman batzuk sortzen dira". Hala ere, karguak bere lana duela ere nabarmendu du: "Gauza asko kudeatu behar dira, dirulaguntzak, eskaerak eta bestelako kontuak. Azkenean, lan bat da, eta badu desgaste pixka bat ere". Batzarraren ostean luntxa izango dute.

Bazkaria elkarrekin

Eguneko ekitaldi nagusietako bat iritsiko da gero: bazkideen bazkaria. 14:30ean elkartuko dira, eskolako jangelan. Bazkari horretan ohiko omenaldia ere egingo dute, eta, urtero bezala, elkarteko bazkide zaharrenetako lau lagun omenduko dituzte. Bazkalostean, duela bi urte sortutako kantutegi baten laguntzarekin abestuko dute denek elkarrekin. Garai hartan, lantalde batek 211 kanturen hitzak bildu eta liburuxka batean argitaratu zituen, eta, ordutik, topaketa askotan erabiltzen dute. "Liburuxkak eramaten ditugu eta horiekin abesten dugu", dio Zubizarretak.

Elkartean 158 bazkide

Egun, Alaiak jubilatuen elkarteak 158 bazkide ditu. Kopurua azken urteetakoaren antzekoa dela azaldu du presidenteak: "Badago beheranzko joera txiki bat, adin kontuengatik, baina jubilatu berriak ere sartzen ari dira, eta horrek orekari eusten laguntzen dio gure elkarteari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak