Sarrera guztiak zeuden aurrez salduta zapatuan Aramaioko kultura etxean jokatu den Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekorako. Lepo bete da aretoa eta hasieratik egon dira entzuleak bertsolarien gainean; gertutik jarraitu dituzte ariketak, bertsoen amaiera eurekin batera abestuz ariketa gehienetan. Eta bertsolariek –urduritasuna nabaria zen eurengan– eskertu egin dute entzuleen erantzun eta gertutasun hori.
Aramaioko saioko sailkapena:
- Peru Abarrategi Sarrionandia: 377 puntu.
- Danel Herrarte Nafarrete: 359,5 puntu.
- Andere Arriolabengoa Bengoa: 349,5 puntu.
- Xabi Igoa Eriz: 347 puntu.
- Martin Abarrategi Sarroinandia: 343 puntu.
- Sabin Abarrategi Sarrionandia: 333, 5 puntu.

Sei bertsolariak –hurrenkeran igo direnak oholtza gainera: Danel Herrarte Nafarrete, Xabi Igoa, Sabin Abarrategi, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Martin Abarrategi– eta gai-jartzailea –Lierni Altuna Ugarte–, denak ziren aramaioarrak eta gura eta gura ez, "aramaioarra" atera da saioa. Herriko erreferentzia asko aipatu dituzte bertsoetan bertsolariek –enbarkaderoa, Ekiko terraza...–. Ganbarako saioan, esaterako, Korrika ez dela aurten ere Aramaiotik pasako aipatu du Sabin Abarrategik. Azken ariketa horretan, Altunak jarritako hiru punturi erantzun behar izan diote bertsolariek –Korrika zen gaia– eta eurek gura duen doinuan eta neurrian bi bertso kantatu gai honi buruz: "Zure mingaina eta bihotza beti ez doazela batera konturatu zara".
Umorea eta adiskidetasuna
Denetariko gaiak egon dira saioan zehar eta finalaurrekoa izan arren eta bertsolarien nerbioak bistan zeuden arren, umore askoko saioa ere izan da. Peru Abarrategik eta Andere Agirrebengoak, esaterako, euren lehen zitan zinemara joan den bikotearen azaletik kantatu dute; Danel Herrartek eta Sabin Abarrategik, berriz, erretiroa hartuko luketen baina familiaren egoeragatik oraindik lanean jarraitu behar duten bi behargin izan dira; Xabi Igoa eta Andere Agirrebengoa lehen aldiz sartu dira bigarren eskuko arropak saltzen dituen denda batera, egunkariko zuzendari bihurtu den Martin Abarrategik ez ditu dagoeneko Palestinatik Anderek idatzitako kronikak publikatzen eta Peru eta Martin anaiek aspaldi ikusi ez dituzten kuadrillako lagunekin egun batzuk pasatzeko plana egin dute, furgonetekin.

Bertsolariek gainera, ia ariketa guztietan heldu dira bizkarretik edo eman diote eskua elkarri, elkar ondo ezagutzen diren seinale.
Peru eta Martin Abarrategi finalean lehiatuko dira
Aramaioko saioa jokatuta eta puntuazio denak batuta, Aramaiok izango du ordezkaririk finalean: Peru eta Martin Abarrategi Sarrionandia anaiak. Finala martxoaren 28an izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian eta bi aramaioarrekin batera lehiatuko dira: Aroa Arrizubieta Barredo, Iñaki Viñaspre Simon, Maddi Agirre Epelde eta Unai Anda Delika.