Finalerako txartela eskuratzeko, bertso eskola bereko lagunen arteko lehia sanoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko martxoaren 13a

Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi, Danel Herrarte, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Xabi Igoa.

Aramaioko kultura etxean jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, bihar, zapatua,17:30ean; sarrera guztiak agortuta daude.

Maddi Agirre gasteiztarrak irabazi zuen Dulantzin jokatutako Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurreko kanporaketa; beraz, badu martxoaren 28an Gasteizen jokatuko duten finalerako txartela segurtatuta. Bihar izango da finalaurreko bigarren saioa, Aramaioko kultura etxean, 17:30ean hasita, eta herriko bertso eskolako Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa izango dira lehian.

Ikusmina sortu du biharko saioak; horren erakusle da sarrera guztiak agortuta daudela.

Kanpoko begiradatik

Modu "berezian eta gozagarrian" ari da aurtengo txapelketa bizi- tzen bertso eskola bereko kide Manex Agirre: "Lehenengo aldia da ez dudana parte hartzen, eta konturatu naiz perspektiba asko aldatzen dela. Polita da txapelketa kanpoko begirada horrekin bizitzea".

Ez lehiatu arren, oso gertutik ari da eskolako kideekin lanean. "Giro ona dago eskolan, hasieratik egon da. Tentsioaren eta gozamenaren arteko zerbait oso berezia da astez aste sortzen dena, eta, gainera, biharko saiora begira gero eta gogotsuago sumatzen dut jendea: bertso-eskolakoak, ingurukoak eta, orokorrean, herritarrak. Finalera begira gaude denak, eta entrenatzeko orduan ere sumatzen da hori. Sekulako poza eman zidan biharko kanporaketako kartelak; iruditzen zait Aramaioko bertso eskolari egin dakiokeen kasualitatezko omenaldirik handiena dela".

Manex Agirre: "Biharko plaza aprobetxatzeko gomendatuko nieke seiei, opari bat da etxean kantatzea; tentsioa egongo da, baina aprobetxatu dezatela olatu hori"

Bertso-lagunen indarguneak

Aspaldiko lagunak ditu seiak, eta hauxe dio bakoitzaren indarguneeni buruz: "Mundua jateko gogoz eta indartsu ikusten dut Peru; orain dela bi txapelketa txapela irabazi zuen eta oraingoan ere topera dabil. Kontzentratuta eta oso bere barrura begira, Xabi lan handia egiten ari da eta orain dela bi urte finalera ez pasatzearen arantza kentzeko sekulako gogoz dagoela uste zait. Martinek dena du alde, oso ondo kokatuta dago puntuazioan eta oso ondo ari da bertsotan, eta iruditzen zait aukera handiak dituela finalean sartzeko. Danel hazi egingo da herrian, hizkuntzarekin jolasten gauza politak egiten saiatuko da. Sabinek txispa eta freskotasuna jarriko du eta gozatu egingo du. Eta seguru nago Anderek ere saio ona egingo duela: bertsolari oso serioa da, erregularra, eta diskurtso aldetik esateko asko duena. Plaza aprobetxatzeko gomendatuko nieke, opari bat da etxean kantatzea; tentsioa egongo da, baina aprobetxatu dezatela olatu hori".

'Lur bustian bertsolariak' erakusketa Sastiñan

Iñaki Jauregialtzo oñatiarrak buztina eta bertsoak biltzen dituen Lur bustian bertsolariak erakusketa izango da, gaur hasita, Sastiñan ikusgai; 18:00etatik 20:00etara izango da gaur zabalik, eta bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara.

Zeramikazko 30 pieza biltzen dituen Iñaki Jauregialtzoren sortak bertsolari ezagunen irudiak eta haien bertsoak jasotzen ditu. Bertsogintza gizarteratzea du helburu egitasmoak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak