Arabako haur abesbatzen egunean parte hartuko du domekan Papargorri taldeak

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 12a

Papargorri abesbatzako kideen talde-argazkia, Barrian egindako egonaldian. (Argazkia: Arabatxo).

Arabatxok, Arabako Haur Abesbatzen Federazioak, antolatu du emanaldia eta 'Lurraren zaindariak' izenburua dauka. Gasteizko Santa Maria katedralean emango dute kontzertua 18:30ean.

Papargorri haurren abesbatzak parte hartuko du domekan, hilaren 15ean, Gasteizko Santa Maria katedralean egingo den 34. Haur Abesbatzen Egunean. 18:30ean hasiko den kontzertua Arabatxok, Arabako Haur Abesbatzen Federazioak, antolatu du, eta Lurraren zaindariak izenburua dauka.

Emanaldian Arabako hainbat haur abesbatzatako kideak elkartuko dira; guztira ehun umetik gora izango dira oholtzan. Aramaioko taldearekin batera, Lumturi, Kantabil, Luis Aranburu musika eskolako haur-eskolania, Urkide, Olabide Goiko taldea, Olabide Txiki eta Luis Aranburu musika eskolako eskolania izango dira.

Lehen aldiz Santa Marian

Aurtengoak badu berezitasun bat: kontzertua Gasteizko Santa Maria katedralean egingo da, eta Papargorriko kideentzat lehen aldia izango da han kantatzen dutena. Arabatxo federazioak urtero antolatzen dituen topaketek helburu nagusi bat dute: abesbatzetako umeek elkar ezagutzea eta esperientzia partekatzea. Aramaioko taldea da Gasteiztik kanpoko bakarra, eta hauxe dio Papargorriko zuzendari Larraitz Arriolabengoak: "Helburua izaten da umeek elkar ezagutzea, eta Papargorriri horrelako gauzek ematen digute proiektu handiagoetan parte hartzeko aukera. Leku berezia da, eta kontzertua, gainera, oso ondo dago planteatuta; izugarria izango da".

Egonaldia Barrian

Kontzertua prestatzeko, parte-hartzaileak otsaileko azken asteburuan elkartu ziren Barrian egindako egonaldian. Zapatu goizetik domeka eguerdira arte aritu ziren entseguetan eta elkarrekin lanean. Papargorriko kideak ere bertan izan ziren, Arriolabengoa eta Eneritz Kortabarria irakasleekin batera. Gainera, bi zuzendari gonbidatu ere izan ziren: Ester Bonal kataluniarra eta Amaia Aldalur Gipuzkoako Abesbatza Federazioko presidentea.

Horrelako topaketek umeentzat duten garrantzia azpimarratu du Arriolabengoak: "Gure umeak ohituta daude Aramaion, zirkulu txikian, mugitzera, eta horrelako gauzak onak izaten dira. Haien erosotasun-eremutik ateratzen ditugu eta beste errealitate batzuk ikusten dituzte; oso positiboa da".

Natura eta mitologia ardatz

Kontzertuaren errepertorioa naturaren zaintzaren inguruan eraiki dute. Abestien artean poemak egongo dira eta euskal mitologiako izakiak agertuko dira; adibidez, iratxoak. Eta umeek naturarekin lotutako jantziak eramango dituzte. "Naturaren koloreekin joango dira eta hosto-koroa bat eramango dute, esaterako", azaldu du zuzendariak. Programan hainbat obra izango dira; tartean, Josu Elberdinen Mare Nostrum.

Sarrera doakoa da, baina gonbidapenarekin joan beharko da; parte-hartzaile bakoitzari bi gonbidapen eman dizkiote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak