Martxoaren 8aren bueltako lehenengo ekintza gaur egingo dute Aramaion; ZtandaP bakarrizketa izango da kultura etxean 19:00etan –Korrika Kulturalaren baitan antolatutako ikuskizuna ere izango da–, eta datozen egunetan jarraipena izango dute ekintzek. Esaterako, zapatuan, gaztetxean murala margotzeko aukera izango da, Itaiak antolatuta, 17:30ean.
Domeka, aldarrikapen eguna
Emakume langileon zapalkuntzai aurre ein! lelopean ospatuko dute aurten Martxoaren 8a Aramaion, eta hori oinarri hartuta egingo dituzte aldarrikapenak, 13:00etan, Bizente Goikoetxea plazako ekitaldi nagusian. Aurtengo manifestua irakurriko dute lehenengo, eta, horren ondoren, Lagun Artean dantza taldeko nagusien taldeak egun horretarako espresuki prestatu duen dantza bat egingo du. Mikel Markezen Konplize ditut eta kantuari prestatu diote dantza, eta horixe erakutsiko dute.
Eguna, baina, 11:00etan Sastiñan egingo duten tertuliarekin hasiko dute; indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiei buruz hitz egingo dute, eta, besteak beste, galdera honi erantzuten saiatuko dira: zer gertatzen da indarkeria gure inguruan gertatzen denean? Eguerdiko ekitaldi nagusiaren ostean, 15:00etan jubilatuen lokalean bazkaltzeko elkartuko dira 30 lagun inguru; bertara doazenek aukera izango dute menua jateko edota Zuk iñ zuk jan erarakoa egiteko, bakoitzak eramandakoak jateko. 19:00etan, kultura etxean, Mamifera pelikula emango dute prestatuko duten zinema-kafean.