Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza eta zabalkundea sustatzeko helburuarekin hainbat ekimen garatu ditu Taupa euskaltzaleen mugimenduak, eta, horien artean, atzo Bergaran aurre-estreinatu zuten eta domekan Aramaion abiatuko duten Laburbira, euskal film laburren zirkuitu ibiltaria.

Hogeita hirugarren aldia duen ekimenera iaz ekoiztutako 32 film labur aurkeztu dira, eta horietako zazpi aukeratu dituzte herriz herri erakusteko. Guztira, 80 minutuko film-labur sorta osatu dute, "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena" eskaintzeko. Honako horiek daude: Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian); Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz); Fishy (June Asua); A-Maniki (Elixabet Nuñez); Geratzen den hori (Aitor Gametxo); Orain zer? (Aihnoa Urgoitia) eta Hortzikara (Ane Cuesta).
Denetariko istorioak
Edukiari, estiloari edo generoari begiratuta, askotariko lanak daude sortan. "Mundu digitalean ezin moldatu ari den adineko emakume baten istorioa jasotzen du Elixabet Nuñezek. Aitor Gametxo zuzendariak doluaz, gaixotasunaz, zaintzaz eta transmisioaz jarduten du, ama hil ondorengo esperientzia pertsonalean oinarrituta. Bularreko minbizia izan duten emakumeei ahotsa eman die, berriz, Aihnoa Urgoitiak. Kontrabandisten istorioan murgildu gaitu Ekaitz Bertizek, animaziozko eta fikziozko irudiak nahastuta. Bi maitaleren harremana modu bitxian dakarkigu Amaia San Sebastianek. Familia baten istorio gordina, berriz, Ane Cuestak. Eta kale zikinetan barrena, goseak jota dabilen katua da protagonista June Asuaren animazioko filmean", kontatu dute antolatzaileek.
Dokumentalak, fikziozkoak eta animaziozko film laburrak daude Laburbira ekimen berrian
Saritutako filmak
Ikusgai izango diren filmen artean, dagoeneko zinema jaialdietan saritutakoak daudela azaldu du Taupako kide Andoni Urzelaik: "Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion lanak iazko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Jaialdian film labur onenaren EITB saria irabazi zuen. Aitor Gametxoren Geratzen den hori filmak, berriz, estatu mailako sari nagusia jaso zuen Bilboko Zinebi Jaialdian. Eta lan horiez gainera, Aihnoa Urgoitiak zuzendutako Orain zer? dokumentala eta Ekaitz Bertizen Erreka zoro hartan izenekoa ere ibilbide arrakastatsua egiten ari dira".

Erakusleiho arrakastatsua
53 emanaldi izango dira guztira; kopuru arrakastatsua, Urzelairen esanetan: "Ikaragarria da, bereziki, azken bi urteotako gorakada. Horrek erakusten du, alde batetik, gero eta profesionalagoak direla Euskal Herrian sortzen diren filmak, eta zale asko dituztela, eta baita Laburbira egonkortzen ari dela ere. Ikuslearentzako emanaldi exijentea da, 80 minutu eskasean istorio potente asko kontatzen dituztelako. Argi dago, hortaz, sortzaileentzako tresna baliagarria dela Laburbira, euren filmak jende eta toki askotara heltzeko eta ikusleei euskal ekoizpenak gertutik ezagutzeko bidea gerturatzen dielako".
Debagoieneko emanaldiak
53 emanaldi egingo dituzte Euskal Herrian; Debagoienean bost antolatu dituzte.
- Aramaio Martxoaren 1ean, kultura etxean, 19:00etan. Txirritola elkarteak antolatuta.
- Arrasate Martxoaren 10ean, Amaia antzokian, 19:30ean. AED elkarteak antolatuta.
- Oñati Martxoaren 25ean, kultura etxeko zinema-aretoan, 18:30ean. Udalak antolatuta.
- Aretxabaleta Martxoaren 26an, Arkupeko Zaraia aretoan, 19:00etan. Udalak antolatuta.
- Antzuola Martxoaren 29an, Torresoroa aretoan, 18:30ean. Udalak antolatuta.