Julen Olaizola: "Azaroan antolatu genuen Errege Kopa ikusteko bidaia; ospakizuna izugarria izan zen"

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 26a

Olaizola, ezkerrean, haren lagunekin, Roig Arena kanpoan.

2020an, pandemian, Baskoniak Endesa Liga irabazi zueneko ospakizunaren arantza kendu eta 2026ko Errege Kopako garaipena gogoz ospatu dute hainbat debagoiendarrek. Valentzian lehenengo, eta Andre Maria Zuriaren plazan, gero.

Baskoniak Errege Kopa azkenengoz irabazi zueneko oroitzapen gutxi izango zuten joan den asteburuan Valentzian eta martitzenean Gasteizko ospakizunean izan zirenetako askok; izan ere, 17 urte zeramatzan Baskoniak txapelketa hori irabazi gabe. Hainbat izan ziren Roig Arenaren inguruetan ibili ziren debagoiendarrak, tartean, Julen Olaizola aramaioarra eta haren lagunak; "sekula" ahaztuko ez duten asteburua izan zen eurentzat.

Azarotik antolatuta

Oso txapelketa garrantzitsua da Errege Kopa Espainiako ligako zaleentzat. Hain da garrantzitsua, jendeak bidaia antolatzen duela bere taldea txapelketarako sailkatuta egongo den ala ez jakin gabe. "Errege Kopa ikustera bidaiatzen dugun lehenengo aldia izan da. Hiruzpalau urte daramatzagu Baskoniako bazkide izaten, eta azaroan erabaki genuen bidaia antolatzea. Ez genekien Baskoniak txapelketa jokatuko zuen ala ez, baina sekulako giroa egoten da asteburu osoan, talde askotako zaleak elkartzen dira, eta horretara joatea zen gure asmoa", dio Olaizolak.

Hain zuzen ere, Baskoniak ez zuen lortu Errege Koparen azkenengo bi edizioetara sailkatzea, eta, hala ere, Gasteizko taldeko zale mordoa elkartu ziren bi urte horietan. "Baskoniako zaleak betidanik izan dira Errege Koparen zaleak. Iaz, esaterako, Kanaria uharteetara jende mordoa joan zen, taldea sailkatu ez zen arren, sekulako giroa jartzera", adierazi du Olaizolak.

"Oso esperientzia polita"

Ostegunean etxetik irten eta Valentzia aldera joan ziren Olaizola eta haren lagunak; partiduko sarrerarik gabe, giroaz gozatzera. Final-laurdenetako partiduaren egunean "berotu", eta sarrerak erosi zituzten, eta kontu bera gertatu zitzaien hurrengo egunetan: "Final-laurdenetako partidua irabazita zera esan genuen: Zer, finalaurreko partidua ere ikusi beharko dugu; ala? Sarrerak lortu genituen finalerdietara sailkatu ez ziren taldeetako zaleek saldu egiten zituztelako".

2020tik zeraman Baskoniak final bat jokatu gabe. Endesa Ligakoa izan zen ordukoa, baina pandemia zela eta, zaleek ezin izan zuten garaipena behar bezala ospatu. Olaizolaren eta haren lagunen hasierako asmoa zen domeka eguerdian autoan eseri eta etxera itzultzea, baina, "finalak bizitzan behin bakarrik bizi daitezkeela jakinda", sarrerak erostea erabaki zuten. "Hasieran urduri geunden; gainera, Madrilek oso partidu hasiera ona egin zuen, eta pentsatu genuen ez genuela irabaziko. Bukaera aldera, baina, gertu geunden, eta bi puntu aurretik egotea ere lortu genuen. Baskoniako zaleen harmaila erdia baino gehiago negarrez zegoen. Txapelketa guztian zehar egon ginen Eta irabazten badugu, zer? abesten; kantu hori, azkenean Irabazi egin dugu! abestian bilakatu zen".

Andre Maria Zuriaren Plazan, ospakizunean. Argazkia: Julen Olaizola.

Ospakizuna, Gasteizen

Finala amaitu eta momentuko ospakizunak eginda; alegia, gaueko hamabiak jota, kotxean sartu eta goizeko seiak aldera iritsi ziren Debagoienera Olaizola eta lagunak. Valentzian ez zuten izan ospakizunerako tarte askorik; Gasteizen bai, ordea. Izan ere, Gasteizko kaleak jendez bete ziren martitzen arratsaldean taldeari harrera egiteko, eta han ere izan ziren debagoiendarrak. "2010ean liga irabazi zuteneko ospakizuna telebistatik ikusi nuen, eta izugarria zirudien. Orduan sekulako taldea zuen Baskoniak, eta nik uste dut aurtengoa are bereziagoa izan dela inor gutxik espero zuelako gerta zitekeela. Ordubete lehenagotik plaza jendez beteta zegoen; ez zegoen tokirik. Abesti mordoa, giro izugarria...entzun dudanagatik jokalariek parranda ere egin zuten. Baten bat kantxa barruan zein kantxatik kanpo izan da MVP-a, kar-kar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak