Atzo jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa, Izarran. Danel Herrarte eta Xabi Igoa aramaioarrak izan ziren kantuan bertan; Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Eli Zaldua eta Maddi Agirrerekin batera. Azken honek lortu zuen garaipena, 251 puntu eskuratuta. Igoak hirugarren postua eskuratu zuen, 249 punturekin. Herrarte berriz, laugarren postuan gelditu zen, 239,5 punturekin.
Aramaioarrak elkarrekin eta herrian kantuan
Lehen faseko saio guztiak gauzatuta, erabakita gelditu da nortzuk izango dira finalaurrekoetan kantatuko duten hamabi bertsolariak. Sei aramaioarrek lortu dute sailkatzea: Andere Arriolabengoa, Danel Herrarte, Martin Abarrategi, Peru Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Xabi Igoa. Zoriak hala nahita, elkarrekin kantatuko dute guztiek, beraien herrian, Aramaion. Martxoaren 14an izango da saioa, 17:30ean hasita, Kultur Etxean. Bertsolariak ez dira izango oholtza gainean egongo diren aramaioar bakarrak, gaiak jartzeko ardura Lierni Altuna herrikideak izango du eta. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Astebete lehenago izango da beste finalaurreko saioa, Dulantzin, martxoaren 7an. Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Ekaitz Samaniego, Iñaki Viñaspre, Maddi Agirre eta Unai Anda bertsolariak izango dira bertan, Olatz Santocildes gai-jartzailearekin batera. Finala, martxoaren 28an izango da, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Guztira 14 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte finalaurreko saioan: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, hiruna bertso zortziko txikian eta bakarka, gaia emanda, bina bertso doinu eta neurri librean.