Hirugarren eta azken saiora iritsiko da bihar, zapatua, Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo fasea. Izarrako kultura etxean izango da eta Aramaioko Danel Herrarte eta Xabi Igoa bertsolariez gain, oholtzaren gainean izango dira baita ere beste bertsolari hauek: Asier Otamendi, Eli Zaldua, Maddi Agirre eta Rikardo Gonzalez de Durana. Saioko gai-emailea, berriz, Etxaun Otaño izango da.
Herrarte "gustura abestera" joango da: "Nire helburua izango da txapelketa edo saio gozagarri bat egitea, bai publikoarendako eta baita niretzako ere. Aurrera egin ala ez, epaileen erabakia izango da, baina behintzat final-laurdenetan gazi-gozo ez geratzea izango da nire helburua. Hortik aurrera eginez gero, beste helburu batzuk markatuko ditut. Hasteko, gustura abestea eta nire aletxoa jartzea, gauza polita litzateke".
Igoak, berriz, hau esan du: "Bertso eskolara pozik noa azkenaldian, lanerako baino, gozatzeko. Eta hor dut txapelketarako motibazio nagusia. Akaso beste urtetan lanerako aldarte gehiago nuen gozamenerako baino".
Ondoren, finalaurrekoak
Zapatuko saioaren ostean, asteburu batean atseden hartu, eta martxoaren 7an jokatuko da lehen finalaurrekoa Dulantzin. Bigarren eta azken finalaurrekoa, berriz, Aramaion izango da martxoaren 14an, eta bertarako sailkatu zen joan zen astean Peru Abarrategi, bigarren saioa irabazita.