Gaur, egubakoitza, Aratusteak iragartzeko Inauteriak dantzan ekintza egingo dute, Lagun Artean dantza taldeak eta Triki Kalejira elkarteak antolatuta, eta, eguraldiak laguntzen badu, 19:00etan, frontoian hasita, kalejira egingo dute Bizente Goikoetxea plazaraino, eta tarteka dantza egingo dute: lehenengo, kultura etxe parean; eta gero, plazan. Eguraldi txarra bada, frontoian izango da ikuskizuna.
Egun handia, bihar
Zapatuan, berriz, mozorroen kalejira 17:30ean hasiko da, frontoian, eta 18:00etan mozorro lehiaketa eta txokolate-jana izango dira plazan; amaitutakoan, disko-festa izango da –eguraldi txarra bada, frontoian–. Kultura zinegotzi Libe Ramilak dio geroz eta indar handiagoa hartzen dabilela eguna: "Herrian entzuten da badabilela jendea mugitzen kuadrilletan, familietan umeekin, eta baita heldutxoagoak ere. Hiruzpalau kuadrilla badaude oso gauza bereziak egiten dituztenak, askotan segidan egindakoak, baina mimoz eta gustuz egindakoak, eta karroza eta traktore geroz eta gehiago ikusten dira".
Sariak ere egongo dira mozorro onenendako: gaia librea da, eta mozorro onenak sarituko dira, alde batetik –haurren saria eta 14 urtetik aurrerakoena–; eta originaltasuna ere sarituko da, banaka edota taldeka.
Lehiaketaz harago, baina, zinegotziak dio giro polita egoten dela eta askok elkarte gastronomikoetan bazkaltzen dutela.
Eskolan, martitzenean
Aurreko urteetan moduan, aurten ere gai bat aukeratu dute Aramaixo Herri Eskolan, eta zikloka mozorrotuko dira martitzenean. Goizean askotariko ekintzak egingo dituzte eskolan bertan ikasle guztiek batera, eta 14:00etan desfilea egingo dute Bizente Goikoetxea plazaraino, eta dantzak egingo dituzte.
