Arabako Bertsolaritza Txapelketako bigarren saioa egingo dute domekan

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 12a

Bigarren saioan izango diren Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi –Aitor Ugarte falta da argazkian–.

Hiru aramaioar jardungo dira bertsotan domekan Laudioko kasinoan, 17:30ean. Arabako Bertsolaritza Txapelketako bigarren saioa izango da eta bertan lehiatuko dira Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi aramaioarrak, beste hiru bertsolarirekin batera.

Aramaioko Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarrategi bertsolariekin batera, taula gainean izango dira domekako Arabako Bertsolaritza Txapelketako bigarren saioan beste bertsolari hauek: Ekaitz Samaniego, Hegoi Amabizka eta Manu Bendala. Gai-emailea, berriz, Irati Martinez izango da. Laudioko kasinoan izango da saioa 17:30ean.

Aramaioarrak gogotsu daude

Peru Abarrategik badaki zer den Arabako Bertsolaritza Txapelketa irabaztea, 2022an irabazi baitzuen lehiaketa eta oraingoan ere badaki zeresana eman dezakeela: "Helburu aldetik gustatuko litzaidake nire buruaz gustura geratzea, papel on bat egitea kantatzea tokatzen zaidan saioetan, eta lortzen baldin badut faseak aurrera joan ahala kantatzen jarraitzea, bada fase bakoitzean jarriko dut tokatzen den helburua. Oholtzan gozatzea gustatuko litzaidake eta nire buruaz gustura geratzen banaiz, badakit zeresana eman dezakedala". 

Andere Arriolabengoak ere bertsotan gozatu nahi du: "Bertsotan gozatzea da nire helburua, ez daukat beste helbururik, ez dut gura-eta nire burua presionatu. Gura dudana da ahalik eta saiorik onena egitea eta bertsotan goizatzea. Bertso eskolan gustura nabil eta gustatuko litzaidake hori oholtzaren gainean transmititzea eta oholtzaren gainean disfrutatzea".

Eta Aitor Ugartek, berriz, hau dio: "Peru Abarrategi eta Andere Arriolabengoa izango ditut ondoan eta ohiko bertsokideekin kantatzeak konfidantza ematen du. Ahalik eta ondoen, aurrera ateratzen saiatuko gara".

Lehena, joan zen zapatuan

Joan zen zapatuan egin zen Arabako Bertsolaritza Txapelketako lehenengo saioa Oionen eta Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi zuen 269 punturekin, finalaurrekoetarako pase zuzena lortuz. Aramaioko Martin Abarrategi bigarren gelditu zen 256 punturekin, eta Sabin anaiak, berriz, laugarren postua eskuratu zuen 243,5 punturekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak