Martin eta Sabin Abarrategi anaiek Arabako Bertsolari Txapelketari hasiera eman diote Oionen

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 8a

Atzo, zapatua, abiatu zen 2026ko Arabako Bertsolari Txapelketa Oionen jokatutako lehen saioarekin, eta bertan izan ziren Aramaioko Martin eta Sabin Abarrategi anaiak: garaipena berriz, Aroa Arrizubieta gasteiztarrarentzat izan zen.

Giro onean eta aretoa bete-bete eginda hasi zen Arabako Bertsolari Txapelketaren XVII. edizioa, Oiongo Bazterra aretoan jokatutako lehen faseko lehen saioarekin. Sei bertsolari aritu ziren kantuan: Unai Anda Delika (Ametzaga), Sabin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio), Felipe Zelaieta Txurruka (Mallabia/Gasteiz), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku), Martin Abarrategi Sarrionandia (Aramaio) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz). Aramaioko ordezkaritzari dagokionez, txapelketan parte hartuko duten zazpi bertsolarietatik lehenak izan ziren Martin eta Sabin Abarrategi anaiak oholtzara igotzen.

Saio honetan, bertsolariek 13na bertso puntuagarri kantatu zituzten, eta ariketa guztiak amaituta, Aroa Arrizubietak eskuratu zuen puntuazio altuena, 269 punturekin, finalaurrekoetarako pase zuzena lortu zuen. Aramaioko bertsolariek ere lan sendoa egin zuten: Martin Abarrategik 256 puntu bildu zituen, eta Sabin Abarrategik, berriz, 243,5 puntu.

Lehen faseko hiru saioen emaitzen arabera osatuko dira finalaurrekoak. Bigarren saioa hilaren 15ean jokatuko da Laudion, eta bertan arituko dira Aramaioko beste hiru ordezkari: Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa eta Peru Abarretegi. Lehen faseko hirugarren eta azken saioa, aldiz, hilaren 21ean izango da Izarran, Danel Herrarte eta Xabi Igoarekin oholtzan. Saio guztietarako sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak