Martin eta Sabin Abarrategi anaiak Arabako txapelketako biharko saioan izango dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko otsailaren 6a

Txapelketako lehen saioan beste bertsolari batzuekin batera kantuan jardungo duten Martin eta Sabin Abarrategi anaiak.

Oionen egingo da bihar, zapatua, Arabako Bertsolaritza Txapelketako lehenengo faseko lehen saioa eta bertan izango dira Martin eta Sabin Abarrategi anaiak. Beste lau bertsolari ere izango dira: Aroa Arrizubieta –2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea–, Felipe Zelaieta, Iñaki Viñaspre eta Unai Anda. Gai-emailea, berriz, Eli Plazaola izango da.

Bihar, zapatua, hasiko da Arabako Bertsolaritza Txapelketa. Lehenengo faseak izango dituen hiru saioetako lehena egingo dute Oionen, Bazterra aretoan, 17:30ean, eta bertan izango dira txapelketan parte hartuko duten zazpi aramaioarretatik bi: Martin eta Sabin Abarrategi anaiak.

Anaiak pozik daude biharkoari begira; hauxe dio Martinek: "Ilusioa egiten dit Sabinekin batera kantatzeak, eta ez bakarrik oholtza partekatuko dugulako; saio aurreko eta osteko momentuetan harekin egoteko gogotsu nago. Esango nuke lagungarri izango dela biontzat, nerbioak eta abar kudeatzeko". Saioari dagokionez, hau gaineratu du: "Gustatuko litzaidake, ahal dela, bertso saio txukuna egitea eta nire buruaz edo egindako saioaz gustura geratu ahal izatea. Hori bide bat izan daitekeelako ate berriak zabaldu eta txapelketan bertan aurrera egiteko. Helburua ahalik eta saio txukunena egitea eta, ahal dela, gustura gelditzea eta saioaz disfrutatzea izango da".

Sabinentzat estreinaldia

Sabinentzat txapelketan parte hartzen duen lehen aldia izango da, eta saio "ona" egiten saiatuko dela esan du: "Orain dela bi urte aurrekanporaketa baten izan nintzen, baina ordezko geratu nintzen. 19 urte nituen orduan, eta orain, 21 urterekin, berriz ere joan nintzen aurresaiora, inongo itxaropen barik, eta, egia esan, sekulako biharamunarekin. Eta kasualitatea... ez da, akaso, elegantea nik hau esatea, baina sekulako saioa egin nuen eta bigaren geratu nintzen, puntu askorekin". Sailkapenean nahiko goian geratu zen, eta dio ez dela erraza orain hori mantentzea: "Itxaropen handi barik joango naiz, saio bakar hori gozatzera, eta gozatzen denean, normalean, ondo joaten da. Estutasun batzuk pasatzen baditut, ez da ezer pasatzen; hori bai, konprometitzen naiz biharamun barik joaten, eta saio ona egiten saiatuko naiz, nahiz eta zaila ikusten dudan".

Beste parte-hartzaileak

Peru anaia 2022an izan zen Arabako Bertsolaritza Txapelketako irabazlea, eta galdetuta ea haren aholkurik jaso duten, hauxe erantzun du Martinek: "Peruk aholku formatuan ez digu ezer esan, baina bai komentatu digu ahal den neurrian, behintzat, ahalegintzeko lasai kantatzen eta saioarekin disfrutatzen, kantukide aproposak dauzkagula horretarako eta horretan ahalegintzeko".

Bi aramaioarrekin batera beste hauek izango dira Oiongo oholtzan: Aroa Arrizubieta –2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea–, Felipe Zelaieta, Iñaki Viñaspre eta Unai Anda. Gai-emailea, berriz, Eli Plazaola izango da.

Aurretik eta ondoren, elkarrekin

Bertso saioak dituzten egunetan Abarrategi anaiendako ohikoa izaten da amamaren etxera bazkaltzera joatea, eta, oraingoan ere hala egingo duten galdetuta, hau erantzun du Martinek: "Ez dakit zein izango den zapatuko plana. Egia da protokoloa sarritan izaten dela amamaren etxean bazkaltzea. Baina bertara joaten ez bagara ere, antzerako erritualen bat egingo dugu: elkartu, apur bat burua deskonektatu eta trankil egoteko". Sabinek dio Martin "aurkari ona izateaz gainera babesleku atsegina" izango dela lehen saio horretan: "Hanka sartzen badut, badakit harena izango dela lehenengo kolpetxoa bizkarrean. Asmatzen badut, badakit harena izango dela txalorik indartsuena. Eta kontrara ere bai, horixe gurako nuke harentzako ere. Lehenengo aldia da etxeko hirurak izango garela txapelketan, eta Peruk esan zidan borrokatu egin behar dugula Aramaioko finalerdietan hiru anaiak egoteko, nahiz eta zail samarra ikusten dudan".

Hurrengo saioak

Lehenengo faseko bigarren saioa hilaren 15ean izango da, Laudion. Hirugarrena, berriz, hilaren 21ean, Izarran. Saioetarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak