Euskal Herriko 57 kontalarik ahoz kontatutako 77 istorio idatziz jaso ditu Esne berriketan izeneko liburuan Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak, eta, Begoña Durrutiren marrazkiak lagun, bi urteko lanaren ostean elkarrekin ondu dute liburua.
Era guztietako kontakizunak jaso dituzte liburuan, bizipenetan oinarritutakoak guztiak; idazleak dio "umorea eta argia sentiarazten" dutela horietako batzuek, baina badaudela "minera eta bortxara eroaten dutenak" ere. Zortzi ataletan banatu dute liburua; atal bakoitza ez da gai itxi bat eta hainbat istorio batzen ditu.
Aurkezpena, bertsolariekin
Liburuaren inguruko bertso saio literarioak egiten dabil orain Alberdi; istorio horietako batzuk aukeratu, eta, hain justu, herriz herri dabil haiek jendaurrean errezitatzen.
Oholtzan Amorante ere izango da, musikarekin laguntzen, eta bina bertsolari izaten ditu ondoan bat-batean bertsotan egiteko. Bihar Aramaion izango diren bertsolariak Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita dira. Debagoienean saio gehiago egingo dituzte, martxoaren 5ean Arrasaten izango baitira eta martxoaren 7an, Osintxun.