Sara Alonso: "Beleren zuzenekoak hipnotikoak dira; soula, ravea eta elektronika ilunpetan"

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 30a

Sara Alonso, teklatuan eta abesten, Bele proiektuaren kontzertu batean. (Argazkia: Asier Jaraiz).

Martitzenean, Madrildik bueltatu eta hurrengo egunean, izan da GOIENA Sara Alonsorekin (Aramaio, 1999). Madrilen RTVE3rako kontzertua grabatzen izan zen, Bele proiektuarekin.

Sara Alonso, Beleko Lide Hernandoren disko berriko zuzenekoetako teklista da, eta Beleren azken diskoaren birari ekin zioten aurreko eguenean, Bilboko Kutxa Beltzean. Aretxabaletako Nhil taldearen Etxea izeneko hirugarren diskoko birarekin batera dabil egiten hori.

Zure Instagram kontuan hauxe irakurri dugu: "Hasiera berri bat Bele Musikarekin". Zer dago proiektu horren atzean?

Hasiera berria da, baina ez hain berria. Izan ere, Beleren aurreko diskoko biran ere parte hartu nuen. Hori amaitu egin zen eta atseden hartu genuen. Orduan, Beleko Lide Hernando Fermin Muguruzarekin joan zen biran –oso potentea izan zen–, eta hark esan zigun Muguruzarena amaitutakoan bueltatuko ginela beste disko batekin. Hortaz, hau da niretzako beste hasiera berri desberdin bat; ilusio handia daukadan beste etapa berri bat. Izan ere, zuzenekoak oso dibertigarriak dira Belerekin.

Zergatik dira dibertigarriak?

Oso musika mugitua delako, oso energikoa, eta oso dibertigarria da hori zuzenean jotzea. Jendeak dantzan egiten du, orokorrean, zuzenekoetan, eta Euskal Herrian hori gutxitan ikusten da. Gainera, proiektu horrek zerbait berria ematen dio Euskal Herriko eszena musikalari. Agian, estilo hori ikusi dugu internazionalki asko, baina ez Euskal Herrian modu honetara, eta badauka zuzenekoak gauza bat oso hipnotikoa; soula da, rave puntu bat ere badauka, baita elektronika ere. Ilunpetan ikusteko kontzertua da, parranda giroan entzutekoa.

Sara Alonso, Lide Hernandorekin. (Argazkia: Asier Jaraiz)

Beleren diskoa sortuta zegoela, birarako aukera iritsi zitzaizun.

Bai; sorkuntzan Lide Hernando eta Iñigo Etxarri egon dira beti, eta zuzenekoetarako geroago heldu gara Maria Antunez eta biok. Bidean joan gara ezagutzen. Horrelako funtzionamendua izaten dute orain askotan taldeek.

Non egiten dituzue entseguak?

Oiartzuneraino joaten gara. Lehen, maiztasun gehiagorekin entseatzen genuen. Orain, lana etxetik egiten dugu gehiago, eta konpromisoa eskatzen du.

Zein momentutan iritsi da proiektu hori zure musikari ibilbidean?

Iaz eduki nuen geldialdia kanpora begira, bai Beleren aldetik, eta baita Nhileren aldetik ere. Nhilekin ibili nintzelako diskoa konposatzen, grabatzen eta horrek dakarren prozesu guztiarekin. Orain, berriz, bi birak batera dauzkat; nire helburua bazen bakoitza bere aldetik gestionatzea, baina hori oso zaila da. Egia esanda, orain arte nahiko ondo eraman dut; bateren baten exijentzia disponibilitate aldetik handiagoa izango balitz, ezingo nuke. Baina momentuz ondo noa.

Zer ekarpen egiten duzu proiektu bakoitzean?

Belen musikaria naiz, bandaren parte naiz, baina proiektua ez da nirea. Sorkuntzan ez dut parte hartu, baina zuzenean jotzeko ardura daukat. Ardura potentea da baina ez nago agertokiaren erdian abeslaria zarenean bezala. Momentu askotan sentitzen dut Hernandori babesa ematen ere ari garela, publiko zaila, oso hotza edo jende gutxi badago. Asko begiratzen gaitu eta momenturen baten behar du konplizitate hori, eta gu hor gaude. Eta Nhilen gauza oso desberdina da; protagonismo handiagoa hartzen dut, hitz egiteko orduan ardura sentitzen dut eta, orokorrean, ardura handiagoa da hor nagoenean.

Nolako bira hasiera izan duzue Belerekin?

Oso leku txiki eta goxoan egon ginen Bilboko Kutxa Beltzean, jende asko etorri zen eta topera egon ziren dantzan. RTVE3rako kontzertua grabatzen ere izan gara, Madrilen, eta sekulako esperientzia izan da; gogorra ere bai, ez delako kontzertu normal bat, exijentea da. Gaur, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean izango gara, 20:30ean.

Nola ikusten duzu emakumezkoen presentzia agertokietan egun?

Nire inguruan Euskal Herrian jarraitzen ditudan proiektu eta bakarlarien ehuneko handi bat emakumeena da, bazen ordua! Ez dakit kasualitatea den, baina proiektu handietan parte hartzen edo aukera oso indartsu bat zerbait egitekoa; egia da mutilek izaten jarraitzen dutela oraindik. Bai sentitzen dut emakumeok egin behar dugula lan gehiago sinesgarritasuna lortzeko. Ez daukat sentsazioa gutxi garenik, pilo bat gaude talentu handiarekin, baina badago oraindik zer eginik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak