Bihar izango da Santa Agedako azken entsegua

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko urtarrilaren 28a

Santa Agedako lehen entseguan hainbat herritar kantuan. (Argazkia: Larraitz Arriolabengoa).

Joan zen astean egin zuten lehenengoa, eta bihar, eguena, musika etxean, 19:00etan, egingo dute bigarren eta azken entsegua. Santa-eskean zapatuan irtengo dira, 10:00etan Bizente Goikoetxea plazatik abiatuta.

Santa Ageda ate joka dago eta Aramaion joan zen astean egin zuten santa-eskean irteteko lehenengo entsegua. Bihar, eguena, egingo dute azkena musika etxean, 19:00etan.

Azken urtetako ohiturari jarraituz, aurten ere herritar talde handi bat elkartzea espero dute, Santa Ageda eskean kantuan irteteko, eta 2013an hasi zuten formatuari jarraipena emango diote, azken bi astetako entseguen ostean.

Kultur-eragileak elkarrekin

2013ra arte Bizente Goikoetxea abesbatzako kideak ateratzen ziren kantuan, eta 2013an antolakuntza-erreleboa hartu zioten herriko beste talde hauek: Papargorri abesbatzak, Bertso Eskolak, Alaiak kantu taldeak eta Trikitixa Elkarteak. Ordutik hona, haur, gazte zein nagusi, guztiak batera irteten dira santa-eskean kantuan.

Papargorri abesbatzako zuzendari Larraitz Arriolabengoak adierazi du bete dutela hasierako helburua: "Uste dut hasierako helburua bete dela. Izan ere, kultur-eragileak inplikatu genituen, baina herrira ere zabalik, eta azkenean adin ugaritako pertsona asko batu dira. Horrek herrian egitasmoa zabaldu egin du. Oso pozik gaude askotariko jendea elkartzen garelako eta oso egun polita izaten da".

Goizez eta arratsaldez

Bizente Goikoetxea plazan elkartuko dira zapatuan, 10:00etan. Ohi bezala, talde-argazkia aterako dute lehenengo, eta gero, bi taldetan banatuko dira herriko hainbat baserritara kantuan egitera joateko. Talde bat Matxinkalera eta Eguzkierripa ingurura joango da, eta bestea, berriz, Zalgo, Errotabarri eta Arragarantz. Gero, guztiak bazkaltzeko elkartuko dira Iturrieta sagardotegian.

Arriolabengoak hauxe adierazi du: "Bi ordutan saldu ziren sagardotegiarekin hitzartuta geneuzkan 60 lagunendako txartelak eta azkenean 80 pertsonandako tokia utziko digute. Oso eskertuta gaude haiekin". Bazkalostean, Iturrietatik Ibarrara jaitsiko dira guztiak batera eta bertan jarraituko dute prestatuta daukaten santa-eskearekin.

Errepertorioa eguneratzen

Aramaion abesten diren betiko koplak kantatuko dituzte, bertso eskolakoekin badute beste bertso-kopla bat ere, eta horrez gain, berrikuntza batzuk ere ari dira sartzen errepertorioan: "Umeekin abesti berriak sartzen ere bagoaz lurra esnatzeko kantu pare batekin. Iaz egin genituen lehen aldiz eta tradizioak berritzen goaz; polita da tradizioak mantentzea, baina ohitura berrietara ere ohitu behar gara", esan du Arriolabengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak